"Borrokara joan eta fusilatuta izan zen jendearen historia berreskuratzea". Asmo horrekin egin dute ekitaldi bat Iruñean. Carlota Leret izan da hitz egiten lehena, Virgilio Leret fusilatutakoaren alaba. II. Errepublikari fidel mantentzeagatik fusilatu zuten Leret tropa faxistek, 1936an. Ricardo Mulak aitaren istorioa gogorarazi du: Francisco Mula. 77 urteren ostean, oraindik ez da haren gorpua aurkitu. Goyo San Pedrok ere aitaren istorioa kontatu du: Jose San Pedro Castro. Marinela, errepublikaren alde jarri, eta gerra kontseilu batean heriotz zigorra jaso zuen.
Fusilatutakoei egindako omenaldian hainbat alderdi politikoetako ordezkariek hartu dute parte: Pedro Rascon (PSN), Jose Miguel Nuin (Ezkerra), Iñaki Cabases (NaBai) eta Aritz Romeo (EH Bildu).
Nafarroako fusilatuen senideen elkarteko presidente Olga Alcegak nabarmendu du du "pausotxoak" ematen ari direla azken aldian, eta adibidetzat jarri du Nafarroako Memoria Historikoaren Legea onartu izana. "Aurrera egiteko ilusioa dugu, 1936ko gerrako eta frankismoko biktimei errekonozimendua egiteko, nahiz berandu iritsi". Adierazi du lehentasuna izan beharko lukeela aurkitu ez diren gorpuak berreskuratzea.
Andoainen (Gipuzkoa), bestalde, frankismoak herri horretan fusilatutako hogeitabost abertzale eta errepublikarrak omendu dituzte. Alfaro parkean egin dute ekitaldia, eta bertan Oroituz taldeko kideek parte hartu dute.