MEMORIA HISTORIKOA

1936ko kolpe militarraren kontrako adierazpen instituzionala sinatu dute hamahiru erkidegok

Iruñean egin dute Memoria Historikoaren Autonomia-arteko Sarearen bigarren bilkura. Sinatzaileen artean daude Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza.

Erkidegoetako ordezkariak, gaur, Nafarroako Gobernuaren egoitzan. Erdian, Ana Ollo kontseilaria. NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2018ko martxoaren 16a
16:20
Entzun

"Demokraziaren eta memoria historikoaren balioekiko konpromisoa" berretsi dute gaur Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako hamahiru erkidegok, Iruñean eginiko bilkuran. Saioaren bukaeran, 1936ko kolpe militarraren eta diktadura frankistaren aurkako adierazpen instituzionala sinatu dute, Nafarroako eta EAEko ordezkariez gain, Herrialde Katalanetako instituzioetako eledunek (Kataluniako eta Valentziako generalitateek); eta Espainiakoek (Andaluzia, Aragoi, Asturias, Kantabria, Gaztela Leon, Kanaria uharteak, Extremadura, Baleareak eta Errioxako gobernuek).

Adierazpen instituzionalean, erakundeek propio gaitzetsi dute "1936ko kolpe militarrak eragindako bortizkeria oldea", eta bereziki, horren ondorioak: "Bidegabeki erailak, zauritua, espetxeratuak, errepresaliatuak edota erbesteratuak izan ziren hamarnaka milaka pertsona [...] 1936ko kolpe militarrean eta diktadura frankista osoan bortizkeriaren bidegabekeria pairatu zutenekiko konpromisoa adierazten dugu".

Horrez gainera, "gertatutakoaren memoria balioztatzea" eta "gizarte etikoagoen bideetan sakontzea" jo dituzte lehentasun gisa, "oroimenarekin soilik lortuko baititugu egia, justizia eta aitortza".

Asmo orokorrez gain, ordea, sinatzaileek konpromiso zehatzak hartu dituzte; besteak beste, elkarlanean ariko dira biktimen DNA bankuak osatzeko (mahai teknikoa osatuko dute Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Andaluziako bankuak koordinatzeko) eta frankismoak eraildako pertsonen gorpuzkiak lokalizatzeko.

Lan saioa amaituta, eledunek Ezkabako ihesaldia gogoratzeko mendi ibilbidearen zati bat egin dute (GR-225), eta Urdaniz herrian (Nafarroa) aurkitutako hobi komun batean egiten ari diren lanak bisitatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.