OROIMEN HISTORIKOA

1936ko kolpearen ondotik hildako hautetsiak omendu ditu Nafarroako Parlamentuak

156 ordezkari publiko hil zituzten 1936ko gerran eta frankismo garaian.

Ainhoa Aznarez eta Uxue Barkos, lore eskeintzen. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko apirilaren 17a
08:47
Entzun

Legebiltzarreko atarian egin dute ekitaldia, eta bertan jarri dute hildako funtzionario, langile publiko eta hautetsiak oroitzen dituen plaka. Nafarroako Oroimen Historikoaren Agiri Funtseko ikerlariek eskatuta, plaka hori aldatu egin dute, datu ugari zuzendu edo eransteko.

Sarrigurengo Gaiteroek Nafarroako ereserkia abestuz ekin diote ekitaldiari, eta 156 hautetsien izen-abizenak irakurri dituzte Unai Hualde legebiltzarreko presidenteordeak eta Maiorga Ramirez parlamentuko lehen idazkariak. Ondoren, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Ainhoa Aznarez legebiltzarreko presidenteak loreak eskaini dituzte plakaren aurrean. Fusilatuen senide ugariren testigantzekin amaitu dute ekitaldia.

Ordezkari politiko eta sindikal ugari izan dira parlamentuan, oroimen historikoaren alde lanean diharduten hainbat elkartetako kideez gain. Besteak beste, parte hartu dute Ana Ollo gobernuko bozeramaileak, Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak, Javier Eneriz arartekoak eta talde politiko guztietako ordezkariek, PPkoek salbu.

Hitzartzean, Aznarezek barkamena eskatu die hildakoen senideei parlamentuaren izenean, "jasandako oinaze guztiagatik". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.