199 lagun hil ziren auto istripuetan iaz, duela bi urte baino 68 gutxiago

Hildakoen kopuruak nabarmen egin du behera azken urteetan, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere

DONOSTIA
2006ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
199 pertsona hil ziren 2005. urtean Euskal Herriko errepideetan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren, Nafarroako Presidentzia, Justizia eta Barne Sailaren eta Paueko Prefekturaren arabera. Nafarroan 87 lagun hil ziren, Bizkaian 35, Gipuzkoan 29, Araban 29 eta Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan 19. Dena dela, Euskal Herriko errepideetan hildakoen kopuruak behera egin du azken urteotan. Iaz 2003. urtean baino 68 pertsona gutxiago hil ziren.

Hego Euskal Herrian 180 pertsona hil ziren, eta azken hamaika urteotan jazotako heriotza kopuru txikiena da hori. 1994. urtetik 2003. urtera arte, 250 pertsona baino gehiago hil ziren urtero, baina 2004an kopuruak nabarmen egin zuen behera. 2003. urtean 255 pertsona zendu ziren, eta 2004an, berriz, 183 izan ziren hildakoak. Iaz kopuru hori mantendu egin zen, eta beherantz doa, hortaz, Hego Euskal Herriko errepideetan hildakoen kopurua. 1998. urtean baino (301) %40 gutxiago zendu ziren iaz.Urtetik urtera euskal errepideetan jende gutxiago hiltzen bada ere, zenbait lurraldetan hildakoen kopuruak gora egin zuen iaz. Araban 29 izan ziren hildakoak, 2004an baino bost gehiago. Guztira, hildakoak eragin zituzten 24 istripu izan ziren, eta horietatik bost N-1 errepidean gertatu ziren. Iaz 2004an baino ezbehar gehiago gertatu ziren arren, azken urteetan beherantz doa hildakoen kopurua: 1995ean 54 pertsona hil ziren, 2003an 39, eta iaz 29.Nafarroan 87 pertsona hil ziren iaz, 2004an baino hiru gehiago. Guztira 63 gizon eta 24 emakume hil ziren, eta ia erdiak, %46k, 35 urte baino gutxiago zituzten. 75 pertsonak hiriarteko errepideetan galdu zuten bizia, eta 12k, berriz, hiriguneetan. Nafarroan hildakoak eragin dituzten istripuak pixka bat gutxitu egin dira azken urteetan. 2002. urtez geroztik, urtean 90 lagun baino gutxiago hil dira. Bizkaian iaz 35 lagun hil ziren errepide istripuan, 2004an baino lau gutxiago. Hildakoak eragin zituzten 30 istripu gertatu ziren, horietatik sei A-8 autobidean. Errepide hori izan zen Bizkaiko gunerik arriskutsuena eta han sei lagun hil ziren. Dena dela, beherantz doa nabarmen Bizkaiko errepide sarean hildakoen kopurua, eta 1994az geroztik heriotza gutxien izan den urtea izan da 2005a. 1994an eta 2003an 73 hildako izan ziren, iaz izandakoen bikoitza baino gehiago.Gipuzkoan 29 pertsona zendu ziren iaz, 2004an baino zazpi gutxiago. Guztira hildakoak eragin zituzten 28 istripu gertatu ziren, horietako hamaika N-1 errepidean. Errepide hori izan zen arriskutsuena, eta hamaika lagun hil ziren bertan. Gipuzkoan urtetik urtera gero eta gutxiago dira errepideetan hiltzen direnak, eta azken hamarkadan kopurua erdia baino gehiago jaitsi da: 1998an 81 lagun hil ziren, 2003an 64, eta iaz 29. Hemeretzi lagun hil ziren Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan izandako istripuetan. Dena dela, Bernard Dufrene Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko errepide segurtasuneko koordinatzaileak ez du arloz arloko xehetasunik eman: «Indar berezi bat egiten dugu Euskal Herriko emaitza bereizirik ez emateko eta datu guztiak departamenduaren baitan azaltzeko, ez dadin irakurketa partzialik gerta ondoren».@:Istripu batean bi lagun hiltzeagatik atxilotua

Guardia Zibilak Burlatako (Nafarroa) gizon bat atxilotu zuen asteazkenean, 1998an istripu batean bi lagun hiltzeagatik ezarritako bi urteko kartzela zigorra betetzeko. Guardia Zibilaren arabera, autoa biribilgune batean azkarregi sartzeagatik gertatu zen istripua. Gidariak positibo eman zuen alkoholemia proban.

Bestalde, Iruñeko Udalak 1.904 gidatzeko baimen kentzeko proposamena egin zuen iaz:701i alkoholemia probetan positibo emateagatik eta 354ri abiadura muga gainditzeagatik.

 



-

Istripurik larrienak



 

URTARRILA





17: 68 urteko eta 48 urteko bi emakume hil ziren Murchanten (Nafarroa), N-121-C errepidean. Kamioi batek atzetik jo zuen bi emakumeen autoa.

OTSAILA





18: Bi lagun hil ziren A-8 autobidean, Elgoibarren (Gipuzkoa), Guardia Zibiletik ihesi kontrako norabidean zihoan auto baten kontra jo ostean.

MARTXOA





26: 56 eta 54 urteko bi lagun hil ziren Mugairin (Nafarroa), bi autok elkar jo ostean.

APIRILA





13: Bi lagun hil ziren Ziraukin (Nafarroa), N-111 errepidean, bi autok elkar jo ostean.

15: Lantziegoko (Arabako) hiru irakasle hil ziren N-124 errepidean gertatutako istripuan, Assan (Araba). Beste bi irakasle larri zauritu ziren. Bi ibilgailuk aurrez aurre jo zuten.

20: 20 eta 25 urte arteko lau gazte hil ziren Oñatin (Gipuzkoa), GI-2636 errepidean. Autobus bat jo zuten. Laurak Mondragon Unibertsitateko ikasleak ziren.

EKAINA





3: 59 urteko emakume bat eta 56 urteko gizon bat hil ziren Hondarribian (Gipuzkoa), N-1 errepidean, auto batek eta kamioi batek elkar jo ostean.

UZTAILA





8: Durangoko (Bizkaia) 21 eta 22 urteko bi gazte hil ziren Ultzaman (Nafarroa) N-121-A errepidean izandako istripuan. Furgoneta batek eta auto batek elkar jo zuten.

ABUZTUA





7: Iruñeko 53 urteko bi emakume hil ziren A-15 autobian, Valtierra (Nafarroa) inguruan. Autoa errepidetik atera zen.

15: 19 urteko bi gazte hil ziren Zuian (Araba), A-3600 errepidean. Zubi bat jo zuten.

URRIA





2: 21 urteko gazte bat eta 55 urteko emakume bat hil ziren Lazagurrian (Nafarroa). Haien autoak beste bat jo zuen.

10: 21 eta 27 urteko bi anaia hil ziren Villatuertan (Nafarroa) gertatutako istripuan. Autoak kamioi bat jo zuen.

24: 19 eta 20 urteko bi gazte hil ziren Gasteizko kaleetan, farola bat eta semaforo bat jo ostean.

AZAROA





13: 20 eta 25 urteko bi gazte hil ziren Iruraitz-Gaunan (Araba), A-132 errepidean. Bi autok aurrez aurre jo zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.