1990. urteko apirilaren 27an omenaldi berezia egin zioten Lezon (Gipuzkoa) Marc Legasse idazle anarkistari (1918-1997). El zortziko de Iraeta para arpa y txalaparta liburua aurkeztu zuten ekitaldi hartan.
Legasserekin batera mahai inguruan izan ziren Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Emilio Lopez Adan Beltza, Patri Urkizu idazlea, Luis Nuñez Egin-eko kazetaria eta Luis Jimenez de Aberasturi editore eta idazlea. Aurkezlea Joseba Aurkenerena izan zen, garai hartako Lezoko kultura zinegotzia. Ekitaldi haren grabazioa Berria telebistan ikus daiteke gaurtik aurrera.
Legasse Parisen jaio zen, baina harreman estu-estua izan zuen beti Euskal Herriarekin. 1994. urtean Hordago aldizkari satiriko-politikoa editatzeari ekin zion, Lapurdin. Espetxean izan zen hainbat aldiz, eta erbesteratuen aldeko hainbat gose grebatan parte hartu zuen. Hauteskundeetara bost aldiz aurkeztu zen, Enbata, EHAS eta EMA alderdiekin.
Frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz idatzi zituen liburuak. Haietatik oihartzun handiena izan zuena Gastibeltzaren karabinak (1977) izan zen. Maskaradak euskaraz taularatu zuen 1985ean.