EUSKO JAURLARITZAREN ESTATUTU PROPOSAMENA

1999an idatzitakoaren garapena

Pello Urzelai.
DONOSTIA
2003ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren izenean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak gaur Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duen proposamenak urtebeteko sustraiak baino askoz luzeagoak ditu. Duela urtebete, politika orokorreko osoko bilkuran proposamenaren ardatz nagusiak azaldu zituen. Planaren aurrerapena eta prozesuaren abiapuntua zen. Baina, aldi berean, aurreko urteetan iragarritako pausoaren gauzatzea. Ibarretxeren proposamenaren sustraien bila, gutxienez 1999ra atzera egin behar da. Lizarra-Garaziko akordioaren eta su-etenaren garaia zen: Ibarretxeren proposamena orduko oinordekoa da, ETAren su-etenaren hausturarena den bezala.

Duela lau urte, 1999ko irailean, Lizarra-Garaziko Akordioarekin abiatutako prozesua krisian zegoen, beronen bultzatzaileak aurrera egiteko moduaz ez zirelako ados jartzen. Esparru juridiko-politikoaren alternatiba eraikitzeari ekin beharra zegoen, prozesuaren etorkizuna «zehazteko» ordua zen, baina proposamenak ez ziren iristen. Duela lau urteko irailean, ETAren su-etena bera ere kolokan zegoen, uztailaren 11n EAJ eta EAko ordezkariek ETAkoekin izandako bileraren ondoren. ETAk hauteskunde bidez biltzar konstituziogile subiranoa sortzeko proposamena egin zuen. EAJko eta EAko kideek ez zuten onartu. Bi alderdi hauek kongresuei begira lanean jarri ziren, eta kongresu bateko txosten politikoak inoiz baino garrantzia handiagoa izan zuen, horretan bi alderdiok esparru juridikoa aldatzeko eskakizunari erantzuteko erronka baitzuten.

Zurrunbilo haren erdian, ETAk su-etena bertan behera uztea erabaki zuen eta 1999ko azaroaren 28an jakinarazi zuen.

Lau egun geroago, abenduaren 2an, su-etenaren hausturari erantzunez plazaratutako agirian, EAJko EBBk «euskaldun guztiok biltzen dituen esparru juridiko-politiko baten aldeko apustu garbia»egin zuen. Apustu horren zehaztapena egun batzu beranduago iritsi zen, abenduaren 20an, Izan erabakitzeko eranskinaren zirriborroaren eskutik. Dokumentu hau Txosten Politikoaren eranskina zen eta, azkenean, EAJko Batzar Nagusiak 2000ko urtarrilaren 16an onartu zuen. Eranskin honetan biltzen dira Ibarretxeren proposamenera iristeko ardatz nagusiak: prozesu baten beharra, prozesu horretako giltzarriak (subiranotasuna, lurraldetasuna, gizartea) eta oinarriak (bakea, etorkizuna erabakitzeko gaitasuna...), proiektu politikoaren gutxieneko edukiak, indarrean dauden esparru juridikoen erreforma eta herritarren onespenaren beharra (kontsulta edo erreferendum baten bidez). Txosten honen eta gerora Ibarretxe lehendakariak proposatuko duenaren artean lotura handia dago, eta ez da harritzekoa Ibarretxek berak zuzenean esku-hartu baitzuen Izan erabakitzeko eranskinaren idazkuntzan.

Krisitik gidaritzara

Baina 2000ko urtarrilean onartutako testua nahiko orokorra zen, agian teorikoegia. Neurri batean, Arzalluzek berak orduko Batzar Nagusian onartu zuen bezala, «ezker abertzalearen proposamenei» erantzuten zion. Nola gauzatu, noren gidaritzapean eta noren sostenguarekin argitzeke zegoen garai aztoratu hartan. Zalantza nagusi zen Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu zutenen artean, su-etena hautsi eta ondorengo bi hilabete haietan.

Eta berehala lehen atentatua iritsi zen. ETAk Pedro Antonio Blanco teniente koronela hil zuen Madrilen 1999ko urtarrilaren 21an. Egun berean Ibarretxek hautsitzat jo zuen EHrekiko ituna. Norabide aldaketa baten hasiera zen. Lizarra-Garazi berreskuratu edo beste bide bat ireki? Ibarretxek bigarren aukeraren alde egin zuen. Denborarekin alderdi osoak ere.

Norabide aldaketan berebiziko garrantzia izan zuen Fernando Buesa PSE-EEko buruzagiaren eta Jorge Diez ertzainaren kontrako atentatuak. Kolpe pertsonal handia izan zen Eusko Jaurlaritzako lehendakariarentzat eta, gainera, PPk eta PSOEk Ibarretxerengana bideratu zuten presio politikoa, besteak beste, lehendakari kanpora leloa astinduz. Une kritikoa izan zen. Alderdi jeltzaleko militantziaren erantzuna ere halakoxea izan zen, lehendakari aurrera leloari eutsiz. Krisi hartatik, Ibarretxeren figura eta eginkizuna indarturik atera ziren. Benetako orkresta zuzendaria Ibarretxek berak izan behar zuela hasi ziren barneratzen EAJren baitan. Laster ikusiko ziren lehen zantzuak.

Lehen zirriborroa

Izan ere, etorkizunari begira egin beharreko bideari buruzko lehen gida edo proposamena Ibarretxeren eskutik etorriko zen. Madrilgo Siglo XXI foroan izan zen, 2000ko martxoaren 23an. Bilakaera ikusirik, hitzaldi hura izan zen Ibarretxe planaren lehen zirriborroa. Orduan «elkarbizitzarako itunaz» hitz egin beharrean «topaguneaz» mintzatu zen, baina aurreratu zuen horren gauzapena «estatutu berri bat» izango zela. Estatutu berri horren edukiaz baino prozesuaz eta prozeduraz hitz egin zuen. Kontsultaren beharra ahaztu gabe.

Egin beharreko ibilbidearen zirriborroa argi zegoen Ibarretxe lehendakariaren buruan, baita pausoz pauso joan behar zela eta unean uneko egoera politikoari erantzunez ere.

Madrilgo Siglo XXI foroan eskainitako hitzaldiaren ondoren, maiatzean, Bartzelonara joan zen ildo nagusi berberak azaltzera. Hurrengo hilabetean, ekainaren 1an, Elkarriren eskutik bere egitasmoa azaltzeko konferentzia eskaini zuen Euskalduna Jauregian, Bakerako bide bat: elkarbizitzarako bilgune bat izenburupean. Ajuria Eneko mezuetan, bakearen eskakizuna eta indarkeriarik eza printzipioabeste edozeren aurretik jartzen zireneko garaiak ziren haiek. Eta ezker abertzaletik aldentzeko garaia ere. Hain zuzen ere, 2000ko ekainaren 30ean, EAJk erantzun egin zion Herri Batasunaren azken proposamenari: erabateko ezezkoa.

Aldi berean, EAJko EBBk beste dokumentu bat egin zuen, Prozesu politiko eta bake prozesua Euskal Herrian izenburukoa. Bertan «indarkeriazko ekintzen desagerpen iraunkorra» ezibenbesteko baldintza gisa agertzen zen prozesua abiatzeko. Ikusmolde hori beranduago aldatuko zen, ziurrenik EAJ-EA koalizioak 2001ko hauteskundeak irabazi ondoren. Dena dela, EBBren agiri hartan bazegoen, geroari begira beste datu aipagarri bat. Prozesua burutzeko adostasun zabala lortu ezean («alderdi politikoen arteko guneak porrot eginez gero») B aukera aipatzen zen: blokeoa sahiesteko herri kontsultara jotzea proposatzen zuen 2000ko ekainean EAJko EBBren txostenak.

2001eko hauteskundeak

2000ko uda ostean, gutxiengoan izan arren, «hiru konpromisotan» oinarritutako proposamenarekin aurkeztu zen Ibarretxe politika orokorreko bilkuran. Erdiko bidetik ibiltzeko estrategiaren garapena zen. Oposiziaren estualdiari bakarrik aurrera eginez erantzun zion. PP eta PSE-EE alternatiba prestatzen hasi ziren (zentsura mozioa tartean) eta EHk Eusko Legebiltzarra utzi zuen, burujabetzaren aldeko bidetik ibiltzen ez zen bitartean.

Azkenean, 2001ko otsailean, Ibarretxek hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen. Emaitzak ikusita, ibilbidearekin jarraitzea erabaki zuten koalizioko alderdiek, erdiko bidetik inoren laguntzarik gabe. Legegintzaldia bakegintza eta normalizazio politikoari buruzko osoko bilkura batekin hasi zen, baina berehala, urriaren 25ean, hurrengo pauso sendoa emateko bitartekoa sortu zen: Eusko Legebiltzarraren barruan autogobernuari buruzko batzordea. Batzordearen diktamena (2002ko uztailean onartua Batasunaren jarrerari esker) Elkarbizitzarako itun politiko berria hurrengo irailean, duela urtebete, aurkezteko euskarria izango zen.

 

Aurrekariak



 

IZAN ERABAKITZEKO





EAJren txosten politikoaren eranskina

(2000-01-16)



«Proiektu Politiko hau, Eusko eta Nafar legebiltzarretan abian jarritako prozesu politikoaren ondoren zehaztu beharreko epean osatuko da.

Proiektu honek gutxienik eduki hauek izan behar lituzke:

1) Dokumentu honetan aipatzen diren oinarri, giltzarri eta zimenduen garapen artikulatua, 2) Euzkadi-Euskal Herriaren barne eta kanpo harremanen sistema artikulatua, edozein kasutan Europako Batasunaren ikuspegitik osatua, eta 3) Autogobernu politikoaren eduki materiala, bere botere oinarria eta berau bai barne egituraketa, bai kanpo harremanetan babestu ahal izateko berme sistema.



8.- Proiektuaren finkapen juridikoa.

Proiektu politikoa burututa, indarrean dauden marko juridikoen erreforma prozesuari hasiera emango zaio, edozein kasutan emaitza modura suertatzen den proiektu edo proiektuek, euskal herritarren erabakia jasoko dutelarik kontsulta edo erreferendum bidez».

 

IBARRETXEREN HITZALDIASIGLO XXI foroAN





(2000-03-23)

«Lehendakari gisa, euskaldun guztien sentsibilitate desberdinak aurrez aurre eduki behar ditut. Ez dut topa gune hau ikusten, ez independentzian, ez gaurko Konstituzioan. 'Momentuko errealitatea' aintzat hartuz, nire ustez, eguneko errealitate politiko eta instituzionalean eta indarrean dauden marko juridikoetan, hau da, orain arte eraikitakoan oinarritutako topa gune batek estatutu berri bat definitu behar du, ez bakarrik konpetentzien arloan, Òegiteko edukitzeaÓ printzipioaren arabera, Òerabakitzeko izateaÓ oinarriaren onarpenaren gainean baizik».

(É) «Nire iritziz, jorratu beharreko bideak, azken batean, euskal gizarteak bere burua definitzeko duen nortasunaren onarpenetik hasi behar du eta, hortik aurrera, Estatuarekin, atxikimendu librean eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza harremanak ezarri behar dira».

 

EUSKO LEGEBILTZARREN ERABAKIA AUTOGOBERNUAZ





(2002-07-12)

Egitasmo berria

«Euskal Herriaren ordezkari diren erakundeen gidaritzapean, erakunde horiek sustatze eta antolatze eginkizuna baitute, ebazpen honetan jasotako proposamen guztiak lantzeari eta garatzeari ekitea, horiek gero ordenamendu juridikorako proiektu berri batean edo batzuetan mamitzeko eta zehazteko. Garatze eta zehazte horretarako, prozesu bat ireki eta bultzatuko da euskal gizartearen eta eragile politiko, ekonomiko, sindikal, sozial eta kulturalek ahalik eta gehien parte hartuko dute prozesu honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.