Euskal presoen eskubideen alde
EAJ, HB, EA, IU-EB, AB, Zutik eta Batzarre alderdiek hitzartutako idatzia irakurri zuten 1999ko urtarrilaren 9ko manifestazioaren amaieran, hiru hizkuntzatan: EAJko Jose Antonio Rubalkabak gaztelaniaz, HBko Pernando Barrenak euskaraz eta ABko Richard Irazustak frantsesez.
"Pasa den abenduaren 24an, zera aipatu genuen manifestazio honen berri ematekoan: ‘Asko direla jakinda, guztion artean, gatazka politikoa gainditu eta Euskal Herrian demokrazia eta bake eszenatoki bat behin betikoz kokatzeko prozesu hau lagundu eta sendotzeko eman beharreko urratsak, euskal gizarteak pairatzen duen sufrimendua desagertarazteko helburuak bultzatzen gaitu’.
Gaur urrats bat eman dugu, urrats handi bat, pentsamendu eta ibilbide politiko anitzetako euskal herritarrak Bilboko kaleetan zehar manifestatu gara, euskal presoei dagozkien eskubideak errespetatuak izan daitezen exijituz. Zentzu honetan, gaur hona hurbildu diren hamarnaka mila pertsonen presentzia eta manifestazio honekin bat egin duten erakunde guztiak eskertu nahi ditugu.
Euskal presoen dispertsio eta urruntzea salatzen dugu eta, gizatasun eta legalitate printzipioak bete daitezen eskatzearekin batera, Espainia eta Frantziako gobernuei beren ahalegin hau bertan behera utz dezaten exijitzen diegu, zalantzarik gabe ahalegin politikoa dena eta Euskal Herriak ilusioz eta arduraz bizi eta protagonizatzen duen prozesu politiko honetan preso eta senitartekoak truke txanpon bezala instrumentalizatzea begiratzen duena.
Gizakion eskubideak, askatasunik gabekoena barne, zintzotasun osoz errespetatuak izan behar dute, edozein izanda ere aukera politiko edo animo negoziatzailea. Eta horregatik, zenbatezinak diren adierazpen instituzionaletan baieztatu den moduan, askatasunik gabeko euskal herritarrek beren zigorrak Euskal Herriko espetxeetan bete ditzaten exijitzen dugu. Beren zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoek, zigor kriterio erregresiboak baliatuko ez balira, askatasunean egoteko eskubidea dute, eta era berean, gaixotasun sendaezinak dituzten presoentzat baldintzapeko askatasuna eskatzen dugu, 92. artikulua ezarriz.
Azken urteotan, euskal gizartearen gehiengoak, eta bere instituzio ezberdinek, etengabe aldarrikatu dute egungo espetxe politikaren aldaketa eta dispertsioaren amaiera. Gizarte erakunde ezberdinek bultzatutako mobilizazio ugariez gain, gaur hona ekarri gaitu justiziaren urgentziazko premiak eta Euskal Herriarentzat giza eskubide banakakoak nahiz kolektiboak errespetatuko dituen demokrazia eta bakean oinarritutako eszenarioa eraikitzeko konpromisoak.
Egungo egoeran soberan daude inmobilismoak, probokazio politikoak, eskubideak urratzen dituzten ekintzak eta erantzunak, eta inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriaren borondatean oinarrituko den prozesu demokatikoa sakondu eta sendotzea.
Gaur, legalitateari lotutako printzipioez eta zilegitasun demokratikoaz gain, historikoa gertatu den mobilizaio sozial honen argumentua jartzen dugu mahai gainean. Espainiar eta frantziar gobernuek kontuan hartu behar dute hau guztia eta arduraz eta azkartasunez kasu egin hemen aipatzen diren eskakizunei: EUSKAL PRESOEN ESKUBIDEAK ERRESPETATUAK IZAN DAITEZELA. EUSKAL PRESOEN ESKUBIDE GUZTIEN ERRESPETUA ORAIN. EUSKALDUNAK DIRELAKO, EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA".
Bilbo, 1999ko urtarrilaren 9a
EAJ-PNV, HB, EA, IU-EB, AB, Batzarre eta Zutik