Zinpekoen epaimahaiak ekainaren 27an erabaki zuen Valeriano de la Peña Espainiako Poliziako kidea eta haren seme Miguel erailketa delituan errudun zirela. Pilar Rubio haien emazte eta ama, berriz, hilketaren probokatzaile izan zela ebatzi zuen. Gainera, Angel Berrueta arrazoi ideologikoengatik hil zutela ondorioztatu zuen. Aldeek gehienez 20 urteko espetxe zigorra eskatu dute De la Peña aitarentzat, 18koa semearentzat eta 10ekoa Rubiorentzat.
Epaimahiaren berediktuan oinarrituta, Francisco Goyena Nafarroako Lurralde Auzitegiko epaileari zegokion bakoitzaren zigorra zehaztea, eta gaur plazaratu du epaia: 20 urteko espetxe zigorra De la Peña aitarentzat, 15 urtekoa semearentzat, eta 10ekoa Rubiorentzat. Familia ordezkatzen duen akusazioaren eskaerarekin bat egin du epaileak De la Peña aitaren eta Rubioren kasuan; fiskalak eskatutakoak baino zigor handiagoak ezarri dizkie —urtebete handiagoa De la Peñari, 3 urte handiagoa Rubiori—. Semeari dagokionez, ordea, akusazioek eskatutakoa baino 3 urte txikiagoa izan da epaileak ezarritako zigorra, erailketan parte hartu zuela eta arrazoi ideologikoek bultzatuta aritu zela onartu duen arren, gaztearen buru gaixotasuna aringarri gisa hartu baitu.
Gainera, Rubiok oraingoz ez du espetxera joan beharko. Irailean, abuztuko oporrak amaitzean, bistilla bat egingo da emakumezkoa kartzelara joango den erabakitzeko.
Gurasoak elkarteko kide zen Berrueta, eta elkarte hori izan zen auzian akusazioetako bat. Oro har, gustura agertu da Gurasoak epaiarekin, baina Rubio ez espetxeratzea kritikatu du. Gurasoak elkarteko kideek salatu dute beren seme-alabekin erruz erabiltzen dela behin-behineko espetxea, eta Rubiori, ordea, ez zaiola halakorik aplikatuko.
Angel Berrueta 2004ko martxoaren 13an hil zuten Valeriano eta Miguel de la Peña aita-semeek, Iruñeko Donibane auzoan zuen okindegian. De la Peña aitak tiro egin zion, eta semeak labana sartu. Aurreneko liskarra, ordea, Pilar Rubio emazte eta amarekin izan zuen: Martxoaren 11ko Madrilgo sarraskiak eta PPko Gobernuak haren ardura ETAri egotziz sortutako giro asaldatuan, Berruetaren okidengira jaitsi zen Rubio, eta 'ETA ez' jartzen zuen afixa jar zezala exijitu zion okinari. Hark ezetz erantzun zion. Orduan, etxera igo zen senar eta semearengana. Haiek jaitsi eta Berrueta hil zuten.
'Berrueta auzia'
20 urteko espetxe zigorra Valeriano de la Peña poliziari; 15ekoa Miguel semeari, eta 10ekoa Pilar Rubio emazte eta amari
Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko bizilaguna hil zutela eta, 20 eta 15 urteko espetxe zigorrak bete beharko dituzte Valeriano de la Peña eta Miguel de la Peña aita-semeek. Pilar Rubio haien emazte eta amari, berriz, 10 urteko zigorra ezarri dio Nafarroako Lurralde Auzitegiko epaileak, hilketa probokatzeagatik. Berruetaren familia ordezkatzen zuen akusazioak eskatutakoarekin bat dator epaia De la Peña aitaren eta Rubioren kasuan; semearentzat 18 urtekoa eskatu zuen akusazioak, baina epaileak 15era jaitsi du buruko gaixotasuna aringarri hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu