Azaroaren 17an gertatu zen bortxaketa, Frantziako Poliziak egindako ikerketaren arabera. 20 urteko neska gazte bat parrandan zebilen Baionan, eta goizaldeko ordu biak aldera taberna batetik irten zen, mozkortuta. Lagun batek Miarritzera joateko autobusa hartzera lagundu zuen, han bizi baita emakumea. Autobusa hartu ostean, baina, emakumea ez zen gai bere kasa oinez irteteko, eta gizonezko batek laguntza eskaini zion adiskideari.
Biek eraman zuten emakumea etxeraino, eta alde egin zuten. Ondoren, ikertzen ari dira nola, laguntza eman zion ezezagun hori emakumearen etxera itzuli zen, eta orduan bortxatu zuen. Emakumea esnatu zen halako batean, eta, bere ondoan ikusita, alde egiteko eskatu zion gizonari. Ondoren, salaketa jarri zuen polizia etxean haren aurka.
Hasiera batean, emakumeak aitortu zuen Poliziaren aurrean ez zuela ongi oroitzen gau hartan zer gertatu zen. Alabaina, erasoa egozten zion gizona ezagutu zuen argazki baten bidez. Etxera lagundu zion adiskideak, baina, ez zuen ezagutu. Akusatuak —Baionan bizi den 20 urteko gizon gaztea— egindakoa ukatu zuen, eta libre geratu zen, kargurik gabe.
Alabaina, maiatzaren 23an ikerketa irauli zuen neskaren kuleroetan aurkitutako haziaren DNA probak. Izan ere, akusatuarenarekin bat zetorren. Azkenean, aitortu zuen bortxaketaren egilea izatea, eta behin-behineko espetxealdia ezarri diote.