20 urtetik gorakoak abuztuan txertatzen hastea du helburu Osakidetzak

Uda bukatu orduko aurreikusi du talde immunitatea Jonan Fernandez Labi aholku batzordeko koordinatzaileak

Erizain bat herritar bat txertatzen, Donostiako zezen plazan. JON URBE/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko ekainaren 28a
11:58
Entzun

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «lehenbailehen» hasi nahi dute 20 eta 29 urte arteko gazteak txertatzen, Jonan Fernandez Labi aholku batzordeko koordinatzaileak Radio Euskadin adierazitakoaren arabera. Talde immunitatea, berriz, uda amaitu orduko lortzea aurreikusi du Fernandezek. Hori horrela, epemuga hori heldu orduko hasiko litzateke Osakidetza 20 urtetik gorakoak txertatzen, abuztuan, alegia. Gehitu du asteon 300.000 dosi jasoko dituztela, eta horrek «prozesua azkartzen» lagunduko diela. Era berean, txerto horiek 60 eta 69 urte artekoen plangintza azkartuko dute, eta «epe motzean» espero dute adin tarte horren txertaketa bukatzea.

Fernandezen bide beretik joan dira Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak emandako adierazpenak. Egun, 30 eta 39 urte artekoen txertaketarekin ari da Osakidetza, eta horrekin «asko jota, bi asteren buruan» bukatzea aurreikusi du sailburuak: horren ostean adin tarte gazteagoekin hasteko.

Dena den, zehaztu du Fernandezek, Osakidetzak eta Osasun Sailak emango dute horren berri, momentua heltzean. Gehienez ere, bi aste barru.

Gazteen txertaketaren gaiak garrantzia hartu du azken asteotan, plangintzak aurrera egin duen heinean. Eta gero eta gehiago dira gazteen txertaketa aurreratu beharko luketela dioten ahotsak, adin tarterik gazteenetan baitaude kutsatu gehien azkenaldian, gizarte faktoreek ere eraginda. Horri buruz galdetutakoan, berriz, adin taldeak aurreratzea baztertu du Fernandezek, txertaketak «irizpide etikoei» erantzuten diela argudiatuta.

Erasmusak ere, txertatzeko eskean

Adin tarte horretan dago, hain zuzen ere, Erasmusean joaten diren ikasleen gehiengoa. Beren txanda heldutakoan txertatuko dituztela baieztatu dute Sagarduik eta Fernandezek. Horrek sortu du nolabaiteko kezka, haietako zenbait abuztua orduko joango baitira beren helmuga herrialdera, zenbait herrialdetan ikasturteak aurretik hasten direnez gero. Atzo bertan, aurretik txertatu zitzaten eskatu zuten, hain justu, EHUko zenbait ikaslek Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Horren harira, horiek txertatzeko «ahalegina» egingo dutela adierazi du Fernandezek: «Txertaketa programan aldaketarik egingo ez badugu ere, ahaleginduko gara haiek aurreratzen. Abuztuan txertatuta egon daitezen ahaleginduko gara». Dena den, Eva Ferreira EHUko errektoreak bidaia atzeratzeko gomendioa egin die atzerrira joango diren ikasleei, bi dosiak jaso artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.