Azken ordu eta egunetan luzatuz doa Bilbon eta Baionan bihar presoen eskubideen alde egingo dituzten manifestazioen atxikimendu zerrenda. Zehazki, 200 babes baino gehiago bildu ditu Baionakoak, eta tartean dira Claude Olive Angeluko auzapeza, Peyuco Duhart Donibane Lohitzunekoa eta Hego Lapurdiko aglomerazioko lehendakaria, Manu Alzuri Bidarteko auzapeza, Vincent Bru Kanbokoa, Benat Intxauspe Hazparnekoa, Dominique Bosc Lakarrikoa, Michel Etxebest Maulekoa, Chantal Ergi Aiziritzekoa, Ruben Gomez Liginagakoa, Alain Castaing Jatsukoa eta Roland Hirigoyen Mugerreko auzapez eta Errobi Aturriko Herri elkargoko lehendakaria.
Bake Bideak eman du azken atxikimenduen berri. "Oinarrizko eskubideen errespetuaren baitan zein familiaren onerako", eskatu dute euskal preso politikoen sakabanaketa bukatzea, "hurbilketa eta elkartze neurriak hartuz", eta "legalki baliatu ahal luketen presoentzat zigorrak apaltzea eta larriki eri diren presoen askatzea". Gainera, Frantziako Gobernuari galdegin diote "ETA talde armatuak armen uztea erabaki duenetik Euskal Herrian ireki den agertoki berria kontutan hartzea eta bake prozesuan bere burua osoki engaiatzea".
Bestalde, Ahal Dugu-k azaldu du bere militanteen norbanako erabakiaren esku utziko duela Bilboko martxara joatea: "Deialdi honetan, nahiz eta erreserba batzuk izan, euskal gehiengo sozialak onartu dezakeen posizio politiko baten definizioan aurrerapauso argiak ematen ari direla ikusten dugu, eta bide horretan jarraitzera animatzen dugu". EAJko legebiltzarkide Josune Gorospek azaldu duenez, berriz, alderdi horrek ez du ofizialki parte hartuko manifestazioetan, baina kideei joateko askatasuna eman die.
PPren kritika
Javier de Andres PPko Arabako presidentearen hitzetan, ordea, presoen eskubideen aldeko manifestazio buruan joango direnek "ez dute sinesgarritasunik" giza eskubideen gaian, uste baitu "beti" defendatu dutela ETArekin "negoziatzea". De Andresek "hausnartzeko" eskatu die martxen sustatzaileei, eta egungo sakabanaketa politika babestu du, argudiatuta bergizarteratzea errazten duela.