TORTURA

200 eta 400 tortura kasu artean ikertuko ditu Jaurlaritzak

Francisco Etxeberria auzi medikuak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak gidatuko dute ikerketa.  Bi urte eta erdian amaituta egotea espero dute.

Francisco Etxeberria eta Jonan Fernandez. IREKIA
jokin sagarzazu
2014ko ekainaren 28a
20:49
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko taldeen esku utzi du Tortura Ikertzeko Proiektuaren proposamena. Komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez eman du horren berri. Francisco Etxeberria auzi medikuak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak gidatuko dute ikerketa, Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak eskatuta.

Euren asmoa da bi urte eta erdian amaituta egotea. Hasi aurretik, baina, legebiltzarraren babesa jaso beharko du egitasmoak. Ikerketaren diseinuaren dokumentua, halaber, Europako Kontseiluaren Torturaren Prebentziorako Batzordera ere bidali dute, bere balorazioa egin dezan.

1960tik 2010era EAEn izandako tortura kasuak ikertzea du helburu egitasmoak. Torturak eta tratu txarrak jaso dituzten herritarrak aitortu eta haiek jasandako mina erreparatzeko neurriak har daitezen. 

Ikerketak norbanakoen salaketak izango ditu oinarri. Urte horien artean egindako tortura salaketen  -judizialen eta sozialen- errolda bat egingo da lehenik. Horretarako, hainbat iturritan dagoean informazio guztia biltzen saiatuko dira.
Salaketa horien guztien artetik, 200 eta 400 kasu bitarteko lagin adierazgarri baten azterketa enpiriko bat egingo da ondoren. Horiekin elkarrizketa sakonak egingo dira Istanbuleko protokoloa aplikatuta, salaketen sinesgarritasuna baloratzeko, besteak beste.

Talde horretatik, 40 “kasu enblematiko” aukeratuko dira eta horien azterketa kualitatibo eta narratiboa egingo da, pertsona horien giza esperientziak azalduko dira, baita bizitzan pairatutako ondorioak ere.

Azkenik, txostena egingo da, zeinak ikerketaren ondorioak jasoko dituen eta gomendioak emango dituen torturen biktimak aitortu eta erreparatzeko.

Ikerketa taldea

Francisco Etxeberriaz gain, Benito Moretinek ere parte hartuko du talde txostengilean. Moretin medikuntzan doktorea da, Lege eta Auzitegiko Medikuntzan osagile espezialista eta auzitegiko mediku titularra. Haiekin batera arituko da Carlos Martin Beristain medikuntzan doktorea, psikologian aditua eta giza eskubiden defentsan aritua nazioarteko hainbat gatazketan. Kriminologiaren Euskal Institututik, berriz, Laura Pego arituko da. Zuzenbidean lizentziduna eta ikertzailea.

“Bizikidetzari begira, iraganean gertatutako giza eskubide urraketa guztien argia bilatu behar da, eta bide horretan torturaren fenomenoa aztertzea oso garrantzitsua da”, esan du Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak . Fernandezek azpimarratu du egitasmo honek agerian uzten duela Jaurlaritzak “biktima guztiekiko” duen konpromisoa.

Francisco Etxeberriak, berriz, erabailiko den metodologia azpimarratu du. Gogoratu du “milaka” tortura salaketa daudela, iturri ezberdinetan sakabanatuta, eta horiek bildu eta sailkatu behar direla adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.