Euskal presoak

200 herritan egingo dute 'Goazen Plazara' ekimena maiatzaren 18an

Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko ekimena bultzatzeko deia egin die Herrira-k alderdi politiko, instituzio, sindikatu eta gizarte eragile guztiei.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko apirilaren 16a
12:47
Entzun

Egungo espetxe politika behin betiko atzean uzteko premia sekula baino handiagoa da Herrira mugimenduaren ustez. Horixe erakutsi dute, haren esanetan, martxoan izandako “gertakari lazgarriek”. Bi euskal presoren heriotzak, senideek izandako istripuek eta presoek espetxeetan jasandako jipoiek aldaketa beharra agerian utzi dutela ohartarazi dute.

“Sufrimenduaren erruleta errusiarra eteteko garaia da”, ondorioztatu du presoen eskubideen aldeko mugimenduak. Horretarako “adostasun zabala artikulatu eta eraginkor bilakatu” behar dela adierazi, eta mobilizatzeko deia egin du.

Maiatzaren 18an Euskal Herriko 200 plazatan baino gehiagotan egingo den Goazen Plazara ekimenean parte hartzeko eskatu du, zehazki. Protestak urtarrilaren 12an Bilbon egindako manifestazio erraldoiak izandako babes zabala du oinarri, eta herriz herri egingo den mobilizazio hori sustatu eta bultzatzeko gonbita egin die Herrira-k alderdi politiko, instituzio eta gizarte eragile guztiei.

Ekimenaren leloa urtarrilaren 12an Bilboko mobilizazioak izan zuen bera izango da: Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira. Manifestua ere bera izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.