Bi borrokaldi izan ziren atzo Darfurren, Sudango armadaren eta ekintzaileen artean, eta 200 bat hildako eragin zituzten borrokek. Hildako gehienak ekintzaileak dira.
Sudango armadak eman du gertatutakoaren bere bertsioa, eta horren arabera, Justizia eta Berdintasunerako Mugimenduaren base nagusian sartu eta haren kontrola eskuratu zuen atzo. 108 ekintzaile hil zituen armadak eta 61 preso eraman. Hori Darfurko iparraldean izan zen.
Bigarren erasoan, ekintzaileek militarren ibilgailu bati eraso zioten, betiere armadaren bertsioaren arabera, eta erasoan eta ondorengo borroketan 27 soldadu eta 63 ekintzaile hil ziren, Aldain eta Niala hegoaldeko hiriak batzen dituen errepidean.
Negoziazioak etenda
Maiatzaren hasieran negoziazio mahaitik aterako zela iragarri zuen Justizia eta Berdintasunerako Mugimenduak, gerrillarien kontrako erasoak ez dutelako etenik izan. Otsailean sinatu zuten akordioa ekintzaileek eta Sudango Gobernuak, eta su-etena hitzartu zuten, besteak beste, baina erasoek jarraitu dute.
Darfurko gerra hasi zenetik, 2003tik, 300.000 hildako baino gehiago izan dira.
mundua
200 hildako izan dira armadaren eta ekintzaileen arteko borroketan Darfurren
Sudan armadak Justizia eta Berdintasunerako Mugimenduaren basea beregain hartu duela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu