200 lagun inguru bildu dira gaur 14:30ean Baionan zezenketen aurka protesta egiteko. Aurten Baionako zezen plazaren 120 urteak eta Frantziako lehen zezenketaren 160 urteak ospatzeko ekitaldiaren aurka antolatu dute protesta. Herriko etxearen aitzinetik abiatu da manifestazioa eta hiri guztian zehar dabiltza ibilki. Zezen plazara hurbiltzea debekatu die Jean Grenet auzapezak, hurbiltzen saiatu dira baina poliziak bidea moztu die zezen plazatik 500 metrotara.
Lehenago, Kontseilu Nagusian sartu dira, egitura honek Baionako zezenketak laguntzen dituela gaitzesteko. Ordu bat pasa egon dira barnean eta 17:30etan atera dira bertatik. Kontseilu Nagusiak 8.000 eurorentzako zezenketa sarrerak erosi izanan salatu dute. Berriro herriko etxerantz abiatu dira eta zezen plazara heltzea dute xede. Zezen plazara iritsi aitzin, Poliziak bidea moztu die manifestariei.
"Zezen plazaren aitzinera joanen gara. Geldiarazten bagaituzte, ageriko da zer gertatuko den", dio, erabaki sendoz, Jean-Pierre Garrigues-ek, CRAC Errotik Zezenketen Aurka Dagoen Batzordeko presidenteak. Zezen plazaren inguruan manifestatzea debekatu die Jean Grenet Baionako auzapezak zezenketen aurkakoei. "Diktadore" bat bezala aritzea leporatzen dio Greneti Garriguesek. Zezen plazatik 500 metrotara Poliziak bidea moztu die.
Uztailaren 23an hartu udal erabakian irakur daitekeenez, zezen plazaren inguruan manifestatzea eta hiri guztian gaindi eskuorriak banatzea debekatu die auzapezak. Debekuaren berri ukan bezain laster, justiziari dei egin zion CRAC batzordeak. Paueko auzitegiak atzera bota zuen, ordea, eskaera. Hori ikusi bezain laster, Frantziako Estatu Kontseilura jo zuen atzo CRAC batzordeak. "Gure bide juridikoari segitzen diogu, zuzenbidea erabiltzen dugu. Espero dugu demokrazia mintzatuko dela, gaur egun zezenketaren diktadura batean garelako".
Paueko auzitegiak, ordea, haien salaketa bidezkotasunik gabekoa zela ondorioztatu zuen atzo. "Prozedura hori ezagutzen ez duen magistratu gazte baten erabakia da... Justiziarekin ez gaude inoiz ezertaz segur. Agertu beharko ez ziren galdera batzuk eman ditu argira", dio Garriguesek. Adibidez, magistratuaren azalpenei segi, udal erabakia ez da soilik CRAC batzordeari zuzendua, eta horregatik ezin izan dute onartu. "Baina denok dakigu udal salaketak ez direla inoiz zehazki egitura edo sektore bati zuzenduak; testu orokorrak dira beti. Dena dela, denontzat argi geratzen da zezenketen aurkakoei begira duela erabakia hartu".
France Bleu Pays Basque irratian, atzo Grenetek esan zuen zezenketaren aldekoen eta aurkakoen arteko buruz burukakoak saihesteko neurria dela, "eztitze sentimendu batek bultzaturikoa". Gehitu zuen udal erabakia bidegabekoa baldin bada moldaketak ekarri eta beste bat hartuko duela. Erabaki berri horri begira, CRAC egiturarekin negoziatu ez izana deitoratu zuen barda Garriguesek.
Donostian ere protesta
Zezenketen aurkako ekitaldi bat egingo dute bihar Donostian. Aurten ez dute zezenik hilko, baina urteetan hildako zezenak adina globo biodegragarri aireratuko dituzte: 700. Elkarretaratzea egingo dute, gainera, udaletxe atarian. Ohartarazi dute atea ez zaiela betiko itxi zezenketei. "Ez dago ziurtatua beste alderdi politiko batek agintea hartzen badu zezenketarik ez egotea". 12:00etarako jarri dute ordua, Alderdi Ederren.