HODEI EGILUZEN DESAGERPENA

2.000 sinadura baino gehiago, Belgikak Hodei Egiluzen bila jarrai dezan

Belgikako lehen ministroari bidaliko dizkiote Internet bitartez jasotako sinadurak; ikerketan eta bilaketan engaiatu dadin eskatuko diote gobernuari.

2014ko uztailaren 29a
12:33
Entzun

Hodei Egiluz aurkitzeko asmoz zabaldu duten hodei-missing.com webgunearen bitartez, 2.000 sinadura baino gehiago batu ditu hiru egunetan Hodei Bila elkarteak; eta kopurua etengabe handitzen ari da. Koldo Ezkerra Hodei Bila elkarteko kideak jakinarazi duenez, Belgikako lehen ministro Helio di Rupori helaraziko dizkiote sinadura horiek, eta eskatuko diote gazte galdakoztarraren bilaketan eta ikerketan engaia dadila Belgikako Gobernua.

Ezkerrak adierazi du webgunearen bitartez sinadurak batzeko kanpainak zabalik segituko duela datozen egunetan; beraz, eskaerarentzako babesak biltzen segitu ahal izango dute.

Eskaeran, gogorarazi dute Hodei Europako Batasuneko programa baten bitartez zegoela Anberesen lanean, eta 2013ko urriaren 19ko goizaldean "asaldatu" zutela eta ordutik desagertua dagoela. Mezuan, ohartarazi dute "edonoren semea" izan zitekeela, eta Belgikako Gobernuari exijitzen dio "ikertu eta Hodei topatu dezala".

Hodei Bila elkartea askotariko ekitaldiak antolatzen ari da etengabe; uztailaren 21ean, elkarretaratzea egin zuten Galdakaoko udaletxearen aurrean, desagertu zenetik bederatzi hilabete pasatu zirela salatzeko. Abuztuan, bizikleta martxa antolatu dute Flandria eta Herbehereetan zehar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.