20.000 kutsatuen langa igaro du Euskal Herriak

Beste 21 pertsona hil dira, eta 1.697 dira guztira.

Gasteizko kaleak hutsik. RAUL BOGAJO / FOKU
2020ko apirilaren 28a
16:31
Entzun

Koronabirus kasu berriek nabarmen egin dute gora Hego Euskal Herrian. Eman dituzten datuen arabera, beste 656 kutsatu daude Euskal Herrian, eta 20.536 dira guztira. Hildakoei dagokienez, beste 21 pertsona zendu dira, eta 1.689 dira guztira. Azpimarratzeko modukoa da Nafarroaren kasua. Izan ere, atzo ez zen inor hil COVID-19ak jota, pandemia hasi zenetik lehengo aldiz.

Bizkaian daude gaixo gehienak (8.373), eta bertan erregistratu dute kasu berri gehien ere. Nafarroan ere datuak ez dira nolanahikoak. Hain zuzen, 5.630 positibo daude. Araba izan zen pandemiaren lehen foku nagusia, baina zenbakiak apalagoak dira orain: 3.768. Gipuzkoan, berriz, 2.619 kasu daude. Ipar Euskal Herriko datu zehatzak jakiterik ez dago, baina atzo Herve Jonathan suprefetak Baionako ospitalera egindako bisitan esan zuen 137 gaixo artatu dituztela bertan. Horiez gain, Nafarroa Beherean bi gaixo daude eta zazpi zuberotarrek ere harrapatu dute gaitza.

Koronabirusak jota hildakoei dagokienez ere, Bizkaian izan dira heriotza gehienak (668), baina kopuruak handiak dira Nafarroan (432), Araban (340) eta Gipuzkoan ere (247). Gainera, atzo iragarri zuten Baionako ospitalean hamar lagun hil direla –horietako bi Landetakoak (Okzitania)–, eta bi zuberotar hil dira Paueko erietxean (Okzitania).

Aipatu behar da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Osasun ministerioak emandako datuen artean dagoen aldea. Izan ere, igandetik Madrilek PCR proban positibo emandakoak soilik hartzen ditu kontuan zenbakiak ematerakoan; Jaurlaritzak, aldiz, PCRak eta test azkarrak. Hala ere, txosten bidez zehazten du horietako zenbatek eman duten positibo PCR proban eta zenbatek test azkarretan. Nafarroako Gobernuak ere bietara ematen ditu datuak, eta zehaztu egiten du zenbat positibo baieztatu dituzten PCR proben bidez eta zenbat antigorputzen testen bidez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.