euskal herria

2000tik aurrera ertzainek gomazko pilotekin zauritutako hemezortzi kasu baino ez ditu onartu Jaurlaritzak

Herrizaingo Sailak guztira 317.000 euroren kalte-ordainak eman ditu. Tramitera onartutako beste zortzi kasu atzera bota ditu. Aurten, Ertzaintzak gazte bat hil du pilotakada baten ondorioz: Iñigo Cabacas, Bilbon.

2012ko uztailaren 21a
18:33
Entzun

Ertzaintzak botatako gomazko piloten ondorioz 2000. urtetik zauritutako hemezortzi laguni denera 317.000 euro ordaindu dizkie Eusko Jaurlaritzak, Herrizaingo Sailaren txosten batek dioenez. 317.000 euro horietatik Jaurlaritzak berak 67.625 jarri ditu, eta beste zatia, haren aseguru etxeek.

Dani Maeztu Aralarreko eusko legebiltzarkideak eskatu zituen datuak, eta, Jaurlaritzako iturriak aipatuta, Efe berri agentziak argitaratu ditu.

Txostenean Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak dio azkeneko hamabi urteetan ertzainen gomazko pilotengatik zauritutako 27 kasu tramitatu dituztela eta Jaurlaritzak hemezortzitan ordaindu behar izan dituela kalteak. Beste zortzi kasu atzera bota dituzte, eta geratzen dena oraindik tramitazio bidean da —iazko irailean Kukutza Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea eraitsi zuteneko kasu bat—.

Herrizaingo Sailak esan du atzera botatako kasuen zergatien artean daudela "kaltetua behar ez zuenean arrisku egoeran" jarri izana, "manifestazio ilegal batean" parte hartzea eta zaurituak kalte-ordainik eskatu ez izana. Zortzi kasu haiek ere onartuko balituzte, kalte-ordaina beste 70.000 eurokoa litzateke.

Onartutakoen artean, 2002ko kasu batek jaso du diru kopururik handiena: 57.000 eurokoa. Hain zuzen, lagun batek begi batean 2002an ertzainen pilotakada bat jaso zuen Bilbon.

Kasurik larriena, berriz, aurtengo apirilean gertatu zen, Bilbon: Ertzaintzak Iñigo Cabacas hil zuen, gomazko pilota batekin buruan jota, Athleticen partida baten ostean.

Ondoren —apirilaren 12an—, Aresek Eusko Legebiltzarrean jakinarazi zuen gomazko piloten erabilera mugatu egingo dutela 2013ko urtarriletik aurrera. Haren arabera, polizia etxeetako ertzainek ezingo dute pilotak botatzeko eskopetarik erabili; brigada mugikorrek eta bereziek, ordea, erabiltzen jarraitu ahal izango dute, betiere "salbuespen" egoeretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.