Ordura arte, gorakada txikiak izan zituzten euskara politikak sustatzeko diru sailek, baina 2001ean %29 murriztu ziren aurrekontuak, eta nahiz eta 2002an eta 2004an zerbait igo, azken bi urte hauetan %30eko eta %4ko jaitsierak ezarri dizkiete. Sail guztien azterketa orokorrak erakusten duenez, diru gehien jasotzen duten atalak izan dira kaltetuenak.
Komunikabideetan euskara sustatzeko saila, esaterako, %15 urritu da Pegenaute arduraduna denetik, eta euskara udaletxeetan sustatzeko diru saila erdira murriztu dute. 2000. urtean, 830.000 euro aurreikusi ziren horretarako. Iaz, berriz, 410.000 baino ez. Azterketak erakusten du hainbat diru sail departamentuz aldatu dituztela, eta beste batzuk, zuzenean, kendu egin dituztela. Kultur ekitaldiak herrietan sustatzeko diru sailik ez da izan azken bi urteotan. 2001ean 300.000 euro ziren. Pegenautek, era berean, babestu beharreko sailetatik ezabatu ditu euskarazko ikerketak, euskararen sustapenerako kanpainak, Nafarroa Oinez-entzako diru laguntza eta lan arloko hizkuntza politika. 2000. urtean, 258.000 euro hartu zituzten atal horiek.
Gobernuak Parlamentuari aurkezten dizkion aurrekontu liburuetatik ateratako zenbakiak dira. Portzentaje gordinak. Azterketa egiteko, legeztatu gabeko ikastolentzako diru saila erantsi dugu. Berez, HPZNk laguntzen dituen atalen barruan dago diru hori, eta zati garrantzitsua da inondik ere -1.759.489 euro aurten-, baina CDNren eta UPNren arteko gobernu hitzarmenak zuzenean agintzen duen saila da. Hezkuntza Departamentuak beste ikastetxe kontzertatuei ematen dien laguntzaren parekoa da, izan ere.
Zenbaki hutsek erakusten duten murrizketei, gainera, jaitsiera erlatiboa -aurrekontu orokorrekiko euskararentzako diruek duten portzentajea- erantsi behar zaie. Aurtengoetan, Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen diru poltsaren %0,04 baino ez da zuzendaritza nagusiarentzat. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, aurrekontu osoaren %0,59 bideratzen du Hizkuntza Politikako Sailburuordetzetarako. HABE, EITB eta euskara biziberritzeko plangintzak kontuan hartuta, %3tik gora.
GORABEHERA HANDIKO AURREKONTUAK. Nafarroakoak gorabehera handiko aurrekontuak dira, hori bistan da. 1991n hizkuntza politikarako zuzendaritza nagusia eratu zenetik, lehen hiru urteetan bultzada handi samarra izan zuten. 1992an eta 1993an, zuzendaritza nagusiaren eginbeharren oinarria paratu zenean, 4 milioi euro inguru aurreikusi ziren gastu hauetarako. Lerro nagusiak, hauexek: Administrazio Publikoaren Institutuarentzako itzultzaile taldea; udal teknikarien sarea; komunikabideetan euskararen presentzia sustatzeko planak eta toponimia lanak. Lan ildo edo atal hauek, gorabehera batzuekin, eutsi egin zioten 2000. urtera arte, nahiz eta, urtetik urtera, aurrekontu orokorrekiko portzentajeetan zuzendaritza nagusiaren pisua gero eta txikiagoa izan.
2000ko udaberrian, ordura arteko arduradunek dimisioa aurkeztu zuten, murrizketak mahai gainean jarri zizkietenean. Miguel Sanzen gobernuak Pedro Pegenaute izendatu zuen orduan. Hurrengo urtetik aurrera, diru sailek beheranzko bide atzera bueltarik gabekoa hasi zuten, ziztuan.
Sustatu hitzari esanahia ematen zioten kanpainak desagertu egin ziren, eta UZEI, UEU eta Eusko Ikaskuntza dirurik gabe geratu ziren. 2002an eta 2004an diru laguntzak apur bat goratu ziren, baina erdarazko komunikabideei diru laguntzak hirukoiztu zizkietelako edo, ikerketei Pegenautek jarri nahi zien muga politikoak onartzearen trukean, Euskaltzaindiarekin hitzarmen berria sinatu zutelako. Baina azken bi urteotan jaitsiera orokorra izan da, eta oso gogorra.
Iaztik hona, diru sail guztiak murriztu dira, hizkuntzaren akademiarekiko hitzarmena salbu: 134.627 eurotik 137.319ra. Hitzarmen honi esker, euskalkien inguruko argitalpenak eta jardunaldiak diruz lagundu ditu Hizkuntza Politikako Zuzendaritza Nagusiak.
Hainbat diru sail departamenduz aldatu dituzte eta beste batzuk kendu egin dituzte
Iaztik hona diru sail guztiak murriztu dira, Euskaltzaindiarekin duen akordioa izan ezik
Ezta KPI ere
Pedro Pegenauteren zuzendaritza nagusiak zuzenean kudeatzen eta erabakitzen dituen diru sailez gain, bi esparru dira euskararen normalkuntzarako funtsezko. Eremu ez euskalduneko ikastolentzako diru laguntzak, alde batetik, eta helduen euskalduntze eta alfabetatzearentzako diruak, bestetik. Azken hilabeteotan, negoziazioak izan dira Ikastolen Elkartearen eta zuzendaritzaren artean, ikastola alegalentzako diru sail horri ezohikoenaren izaera kendu eta ikastetxe kontzertatu guztiek Hezkuntza Departamentutik jasotzen duten diru poltsa berdinean sartzeko. Horretarako urratsak ematen hasteko akordioa ostiralean bertan iragarri zuten Ikastolen Elkarteak eta Hizkuntza Politikako Zuzendaritza Nagusiak.
Helduen euskalduntze eta alfabetatzearen arloan, azken urteotan, murrrizketa handiak izan dituzte diru laguntzek. 2002an, esaterako, Nafarroako Gobernuak ikasle bakoitzaren gastuaren %45 ematen zuen. 2004-2005ean ikasturtean, berriz, %18 baino ez. AEKk eta IKAk -arlo horretan dihardutten erakunde nagusiak- bilera ugari egin dituzte azken urteotan HPZNko arduradunekin, eta baita mobilizazio franko deitu ere. Beti entzun duten argudioa zera izan da: dirurik ez dagoela, baina inolako asmo politikorik ez dagoela murrizketen atzean. Datuek beste zerbait erakusten dute hala ere: KPIa ere ez dute azken urteotan igo.
Ane Mindegia Uharte eta Esteribarreko udal euskara teknikaria
«Udalerri txikienetan nabariagoa da eragina»
Udal euskara teknikarien arloan izan da azken urteotako jaitsierarik nabarmenena. 2005ean, %53koa izan zen murrizketa, eta aurten, %11koa. Teknikariek eta udal arduradunek aspaldian salatu dute udaletan ezinbesteko lana egiten duten teknikarientzako diru sailak izoztuta daudela, baina azken urteotako murrizketek kinka larrian utzi dute zer eta udal txikienen zerbitzua. Gastuei aurre egiteko zailtasun handienak dituztenak, hain zuzen ere.
Ane Mindegia Uharteko udal teknikariak azaldu duenez, azalpen gutxi jaso dute murrizketak direla eta. «Idatziz, behintzat, ez. Kontua da diru sailak murriztu direla, eta, beraz, banatzeko diru gutxiago bada kopuru txikiagoa jasotzen dela».
Egun, eta nahiz eta tokian tokiko udalaren araberako plangintzak egiten diren, Nafarroako herritar gehienek udal euskara zerbitzuen bidez izaten dute hizkuntza politikarekin harreman zuzena. Sentsibilizazio kanpainak -helduen eta D ereduaren aldeko matrikulazio kanpainak, edo erabilera sustatzekoak...-, aisialdian euskara erabiltzeko ekintzak, udal langileak birtziklatzea, euskarazko produktuen katalogoak, itzulpenak...
Nafarroa osoan 22 udal zerbitzu daude, eta 25 teknikari. Egun, Ane Mindegiak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak eta udal entitateek jartzen dutenaren arteko aldea «oso desorekatuta» dago. «Gaur egun, hemengo entitate publikoek % 87,28 jartzen dute eta Nafarroako Gobernuak, aldiz, %12,72. Horrek ondorio praktikorik ez du gure lanean, udalek bere gain hartu dutelakoz murrizketa horien zama, baina udalerri txikietan eragina nabariagoa da, batzuek ezin dutelako gastu osoa hartu».
Garbiñe Petriati Bierrik elkarteko kidea
«Badirudi ahaleginasaritu ordez zigortu egiten dutela»
Komunikabideentzako diru laguntza izan da, urteetan, HPZNren diru sailik garrantzitsuenetakoa. Eta, neurri batean, hura da gehien eutsi diona. Gako bat, hala ere, nabarmendu beharrekoa. Pedro Pegenaute, zuzendaritzaren ardura hartzearekin batera, erdarazko komunikabideak saritzen hasi ziren, euskarazkoen kalterako.
Bierrik elkarteak, Sakanan, Guaixe astekaria eta Beleixe irratia sustatzen eta zuzentzen dihardu. Ederki pairatu dituzte murrizketak, Garbiñe Petriatik azaldu duenez. «Urtetik urtera laguntza gutxituz eta gastuak gora ari dira. Erraza da imajinatzen horren eragina: iraun eta aurrera egiteko arazo ugari». Langileek soldatak jasotzeko arazoak eta inbertsioen ordez, irauteko ekimenak. Eta maileguetara jo beharra. 2004an, hilabetekaria astekari bihurtu zuten, eta orduan izan zen jaitsierarik nabarmena. «Badirudi», dio Petriatik, «gure ahalegin hori saritu ordez, zigortu egin dutela. 2001ean aurrekontuaren % 26,25 finantzatu zuten, eta 2004an, hain zuzen ere, aldaketa hori egin genuen urtean, %4,92. Zaplasteko ederra!».
Nafarroako Gobernuak finantzatu zituen argitalpenen aurrekontuaren ehunekoei urterik urte begiratzea besterik ez dago. Guaixe aldizkariaren kasuan, 2002an, %22,23 izan zen; 2003an, %11,70; 2004an, %4,92; 2005ean, %5,65. Datu hauek garbi erakusten dute azken 5 urteetako bilakaera.
Beleixe Irratiaren kasuan, antzeko. 2000. urtean, aurrekontuaren % 32,19 finantzatu zuen Nafarroako Gobernuak. 2005ean, %16,49. Hau da, 2000. urtetik joan den urtera, erdira jaitsi da aurrekontuarekiko laguntzaren portzentajea.
Sagrario Aleman Zaldiko Maldiko elkartea
«Saiatzen gara segitzen, baina kontu handiagoarekin ibili behar dugu»
Kultur ekimenen sustapena izeneko diru sailaren azpian, hainbat kultur elkartek eta erakundek urtean zehar antolatzen zituzten ekitaldi eta egitarauak diruz lagundu ditu HPZNk, 1995etik. Iaz sail hori desagertu egin zen. Aurten, berdin. Ondorioz, diru gutxiago, askoz gutxiago, kultur asteak, zinema euskaraz... antolatzeko.
Zaldiko Maldiko elkartea Nafarroako kultur elkarte ezagunenetakoa da. Sagrario Aleman elkarteko kideak nabarmendu duenez, lehen bi diru laguntzekin egiten zutena, orain bakarrarekin egin behar. Elkarteak, orain, Iruñeko Udalak kultur ekitaldietarako ematen duen dirua soilik baliatzen du bere egitaraua prestatzeko.
«Gurean, Zaldikon, kultur jarduerak jarduera nagusiak ziren», azaldu du Sagrario Alemanek, «kultur elkarte gisa funtzionatzen duelako. Kultur ekitaldiak, hitzaldiak euskaraz, Literatura irakurriz dibertitzen gara izeneko saioak, Santa Ageda eta Santo Tomas egunak...».
Nafarroan, 38 ziren diru laguntzak jasotzen zituzten elkarteak. Orain, dena galdu egin da. Eta, hiriburuan, errazago dute herrietan baino. «Zaldikok Udalaren laguntzarekin jarraitzen du», dio Sagrario Alemanek, «eta jarraitu egingo dugu, baina kontu gehiagorekin betiere. Saiatzen gara segitzen, hori bai».