2001ean ertzainei eraso egitea egotzita, pertsona bat atxilotu dute

Ortuellan atxilotu dute Asier Rodriguez; AAMk salatu du azken bi urteetan jarraipen ugari izan dituela

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Asier Rodriguez gazte santurtziarra atxilotu zuen Ertzaintzak, atzo, Ortuellan (Bizkaia), Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epailearen aginduz. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez 10:00etan atxilotu zuten, etxetik atera eta lanera bidean zela. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adieratzera eman du, 2001ean Portugaleten ertzainei eraso egitea egozten diotela atxilotuari. AAMk salatu du gazteak kaleko jantzitako polizien jarraipen ugari izan dituela azken bi urteetan. Atxiloketa salatzeko protesta egin zuten atzo Santurtzin.

Herrizaingo Sailaren arabera, 2001eko abuztuan hainbat gaztek Ertzaintzaren patruila bati eraso egin zioten, molotov koktelak jaurtiz. Autoaren barrura sartu ziren koktelak, eta bertan ziren bi ertzainek «lesio larriak» izan zituzten. Eraso horretan parte hartzea egozten diote Rodriguezi.

Eraso hartan parte hartzea egotzita, zazpi lagun atxilotu dituzte dagoeneko, Aresek azpimarratu duenez. Haietako bost 22 urteko zigorra betetzen ari direla ere nabarmendu du. Ustez erasoan parte hartu zuen jende gehiago ere badagoela aditzera eman du, gainerakoak atxilotzeko gogor lanean jarraituko dutela esan baitu. Nolanahi ere, ez du zehaztu zenbat atxilotu gehiago egon daitezkeen.

Atxiloketa egiteagatik Ertzaintza zoriondu du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. «Segadatzat» jo du 2001ean Portugaleten gertatutakoa, eta «perfektuki planifikatutako ekintza» izan zela gaineratu du. «Inguru hartan kale borrokan aurreko muturrean zebiltzanek» egindakoa izan zela azpimarratu du. «Ekintza terroristaren bat egiten duen inor ez da zigorrik gabe geratuko», ohartarazi du, Eusko Legebiltzarreko korridoreetan kazetariei egindako adierazpenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.