2001etik gomendio berak ematen ari da Europa, Behatokiak eta Kontseiluak salatu dutenez

2012ko urriaren 26a
13:07
Entzun

Espainiako Gobernuak 1992an sinatu eta 2001ean berretsi zuen Hizkuntza Gutxituen Ituna. Berretsi orduko sartzen da ituna indarrean eta, beraz, Europako adituen batzordean 2001ean hasi zen itunaren konpromisoak betetzen ote zituen aztertzen. Hiru balorazio egin dituzte adituek orain arte —azkena atzo onartu eta argitaratu zuen Europako Batzordeko ministroen kontseiluak—, eta hiruretan gomendio berak errepikatu direla oroitarazi dute Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Kontseiluak. Justizian eta, oro har, zerbitzu publikoetan euskararen presentzia bermatzeko, adibidez, behin eta berriro eskatu dio Europak Espainiari. Azken txostenean, ordea, Europako Batozrdeko ministroen kontseiluak osasun zerbitzuetan euskararen presentzia handitzeko eskaera egin dio, eta hori nabarmendu dute Behatokiak eta Kontseilauk.

Hizkuntza Gutxituen Ituneko konpromisoei buruz Europak Espainiako eta Hego Euskal Herriko administrazioei egin dizkien azterketak eta eskakizunak baloratzeko, agerraldia egin dute gaur eguerdian Behatokiak eta Kontseiluak. Nabarmendu dute euskarak estatus ofiziala ez duen lurralde eremuetarako ez duela batere eraginik itunak —hala gertatzen da, esaterako, Nafarroa hegoaldean—. Ipar Euskal Herriari dagokionez, berriz, Frantziak sinatu zuen ituna, baina oraindik ez du berretsi, nahiz François Hollandek hitza emana duen. Ituna berretsi ez duenez, Frantziak ez du betebeharrik itunaren inguruan.

"Euroitunaren konpromisoak beteko balira ere, horrek ez du esan nahi ofizialtasunak ezartzen dituen beharrak asetzen direnik", argitu dute. Ituna, legez, Espainiako Konstituzioaren gainetik dago, baina zehazten dituen konpromisoak oso "lausoak" dira, Paul Bilbao Kontseiluko idazkariaren esanetan. Hala ere, Europako Batzordeko ministroen kontseiluak Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari egin dizkien aholkuen garrantzia nabarmendu du Bilbaok.

Alde horretatik, Europako ministeroen osasun arloari buruz eginiko gomendioak nabarmendu ditu, lehen aldiz egin dutelako halakorik. Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak azaldu du euskaraz egiteko eskubidea urratzeagatik jasotako salaketek izan dutela eraginik eta ohiartzunik horretan. Osasun arloan, 2001etik "aurrerapauso txikiena" ere ez dela eman salatu du Bilbaok, eta adituen batzordeak txostenean jasotako datu bat zalantzan jarri du: Osakidetzako langileen erdiek euskaraz badakitela aipatzen du txostenak. Zalantzan jarri du datua Kontseiluko idazkariak.

Euskal hiztunei "babes judizial eraginkorra" eta defentsa eskubidea ukatzen zaiela ere salatu du Bilbaok, adituen batzordeak justizia arloan euskararen presentzia handitzeko eskakizunak egin dituenez. Alde horretatik, itunaren berme nagusia estatuak izan behar duela, baina itunaren konpromisoak gehien urratzen dituena estatua bera dela seinalatu du: "Erabat paradoxikoa da".

Nafarroako Gobernuari oroitarazi dio, berriz, euskarazko telebistak ikusi ahal izateko neurriak hartu behar dituela: "Haien esku dago". Kezka agertu du ingelesa irakats ereduetan nola txertatzen ari den, eta ikasleak egiaz euskaldun egingo dituen hezkuntza ereduen alde egiteko eskatu du, Europako adituen batzordearen kezkarekin bat eginez.

Eusko Jaurlaritza berriari, berriz, hizkuntza politika "irauli" behar duela esan dio Kontseiluak: "Ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea bermatuko duten neurriak abian ajrri behar dira berandu baino lehen. Seguru gaude, politika eragingarriak abian jarriz gero, Europako Kontseiluak hurrengo ebaluazioa egiten duenean isla izango duela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.