Joseba Egibarren azken agerraldia

2004. urtea "ezker abertzaleak espresiobide politikoa izateko urte erabakiorra" izango dela uste du Egibarrek

Azken hamazazpi urteetan EAJren EBBko bozeramaile izan den Joseba Egibarrek gaur egin du kargu horretan bere azken adierazpen publikoa, Sabin Etxean. Egibarrek 2004. urteari buruz hitz egin du, "oso urte garrantzitsua" izango dela esan du, alde batetik, hauteskundeak aurten egingo direlako, Ibarretxe planaren eztabaida eta honen onarpena ere urte honetan aurreikusten duelako. Beste puntu bat ere azpimarratu du, 2004ean "ezker abertzalearen espresio politikoa gauzatuko" dela aurreikusten baitu. "Ezker abertzaleari indarkeriaren aurrean gaitzespen hitzak ezin zaizkio eskatu, beste gauza bat da kondenaren arrazoia desagertzea", azpimarratu du.

2004ko urtarrilaren 30a
19:14
Entzun
Ezker abertzalearen baitan izaten ari diren mugimenduak oinarri hartuta, 2004. urtean ezker abertzaleak "espresiobide politikoa izateko urte erabakiorra" izango dela aurreikusten du Joseba Egibarrek. Martxoko hauteskundeei begira ezker abertzaleak "ordezkaritzarik izatea zaila" ikusten du, Nafarroako kasuan ere zerrendak aurkeztuta daudelako, baina orain arteko urratsak "epe luzeagorako" ikusten ditu Egibarrek. "Ezker abertzaleari indarkeriaren aurrean gaitzespen hitzak ezin zaizkio eskatu, beste gauza bat da kondenaren arrazoia desagertzea", azpimarratu du.

"Garbi dago proposamen ezberdinak egon diren bezala, euskal politikagintzan ere mugimenduak egon badaudela, nahiz eta oraindik hezurmamituta ikusi ez ditugun. Esparru ezberdinetan gainera, baina batez ere ezker abertzalearen munduari dagokionez, garbi dago hor mugimenduak egon badaudela eta gorputza hartuko dutela 2004. urte honetan", nabarmendu Joseba Egibarrek.

Ibarretxe plana eta Espainiako hauteskundeak

Ezker abertzalearen norantzaz gain, 2004. urtean Legebiltzarrean Ibarretxeren estatutu proposamenaren eztabaida eta onespena izango direla nabarmendu du, baina "epe motzean alderdiaren erronka nagusiena martxoko hauteskundeak" direla azpimarratu du.

EAJ ez da aurkeztuko eurek nahi bezala EArekin koalizioa osatuta, baina "Espainian izaten ari den "atzerapen demokratikoari aurre egiteko, urgentziaz, ezinbestekoa" EAJ Madrilen izatea. "EAJren ahotsa zentzu horretan beharrezkoa da Madrilen, eta abertzaletasunak nahiz eta espresio ezberdinak izango dituen ere, garbi dago euskal gizarteak erreferentzia garbi baten aldekoa apustua egin behar duela. Ni ez naiz botoa eskatzen ari, gogoeta bat egiten baizik, baina EAJ behar-beharrezkoa da Madrilen", zehaztu du.

PP "urduri" ikusten du Egibarrek eta PSOE berriz "izututa". Kataluniako egoera ere hizpide izan du eta Zapaterok ez duela "indar nahikoz" jokatu azpimarratu du. Carod-Rovirak ETAren indarkeria bukatzen laguntzeko pausua eman duela nabarmendu eta "bidegabekeki satanizatzen" ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.