Gaur onartu ditu Eusko Legebiltzarrak 2008ko aurrekontuak, Eusko Jaurlaritzaren (EAJ, EA, EB) eta PSE-EEren botoekin. Jaurlaritzarekin akordio partziala lortu zuelako edota AHTren diru partida dela-eta, Aralarrek abstenitu egingo zela esana zuen baina gaur Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak ezin izan du batzarrean egon amatasun baja dela-eta. EHAK-k eta PPk aurrekontuen kontra bozkatu dute. Ia 10.000 milioi euroko aurrekontuak dira.
Jaurlaritzak eta PSE-EEk azaroan lortu zuten 2008ko aurrekontuen inguruko oinarrizko akordioa. PSE-EEk dioenez, gastu sozialean eta gizarte politiketan “aurrerapausoak” ematea hitzartu dute bi aldeek eta, batik bat, etxebizitza, osasun eta hezkuntza arloetan lortu dutela adostasuna, baita oinarrizko errenta, familientzako laguntzak eta gizarteratze politiketan ere. 2006 eta 2007ko aurrekontuak ere sozialistekin hitzartu zituen hiruko gobernuak.
Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzaren lehendakariak iragarritako herri galdeketaren aurka egotea eta aurrekontuak babestea ez dela “inkoherentea” esan du PSEk, aurrekontuetan akordioa lortuta ere kontsulta arbuiatzen jarraituko dutelako. “Ez gaituzte kate motzean lotu, eta ez gaituzte lotuko. Ibarretxek iragarritako herri kontsulta ez da egingo, legearen babesik ez duelako”.
Jaurlaritzak ere arlo sozialean egindako apustua nabarmendu du, eta "desberdinen arteko" akordioa dela ere azpimarratu du.
Geroago lortu zituen Aralarrek akordio batzuk Jaurlaritzarekin, baina haietako batzuek ez dute gaur aurrera irten, EHAK abstenitu egin delako, eta hirukoak eta Aralarrek ez dutelako gehiengo osorik. Esaterako, Uemak (Udalerri euskaldunen mankomunitatea) 100.000 euro lor zitzan akordioa erdietsi zuen Aralarrek hirukoarekin. Ikastolen aldeko haien zuzenketa ere ez du onartu EHAK-k, ezta euskarazko hedabideei buruzko batzuk ere. Diru barik geratu da, halaber, ETAk eragindakoak ez diren biktimek onarpena eta kalte-ordaina jasotzeko egin beharreko ikerketa.
Euskal preso politikoen familiei 218.000 euroko partida emango die Eusko Jaurlaritzak. PP eta PSE-EE hirugarren urtez saiatu dira laguntza horiek deuseztatzen, baina aurten ere ez dute lortu.
EHAKrentzat aurrekontuek "marko autonomikoa elikatzen eta AHT bultzatzen dute". PP ere kontra agertu da, "aurrekontu subiranistak" direla argudiatuz.
Politika
2008ko aurrekontuak onartu ditu Eusko Legebiltzarrak
Espero bezala, Eusko Jaurlaritzaren hirukoak eta PSE-EEk alde bozkatu dute. Arlo sozialean egindako apustua nabarmendu dute. EHAK eta PP aurrekontuen aurka azaldu dira. Aralarrek hirukoarekin lortu zituen akordio batzuk ez dira onartu, gehiengorik ez dutelako izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu