TORTURAK

2010ean tortura salaketek gora egin zutela salatu du TATek

63 euskal herritarrek salatu zituzten iaz torturak, 23k Espainiako Poliziarenak, 26k Guardia Zibilarenak eta 14k Ertzaintzarenak. Inkomunikazio aldian torturatu zituztela salatu dute guztiek.

2011ko otsailaren 9a
18:05
Entzun
Kezkatzeko moduko datuak eman ditu Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) iazko balantzea egiteko agerraldian: tortura kasuak nabarmen gehitu dira. 2009an 45 tortura salaketa jaso zituen TATek. Iaz, berriz, 63. 14 herritarrek Ertzaintzak torturatu dituela salatu dute, 23k Espainiako Poliziak torturatu dituela, eta 26k, Guardia Zibilak. Guzti-guztiak inkomunikatuta eduki zituztenean torturatu zituzten. Ondorio garbia atera dute Lorea Bilbao eta Ane Ituiño TATeko kideek: "Inkomunikazioa eta tortura pare-parean daude".

Torturak saihesteko helburuz epaileek erabili izan duten Garzon protokoloa oso kasu gutxitan ezarri zitzaien atxilotuei; bederatzi kasutan besterik ez, aurreko urteetan baino askoz gutxiagotan. Hori dela eta, epaileen jarrera salatu dute TATeko kideek. Ertzaintzak ere jarreraz aldatu duela ohartarazi dute; azken urteetan ez zituztela atxilotuak inkomunikatzen eta, iaz, 14 inkomunikatu zituztela. Horiek guztiek salatu zituzten torturak.

Torturak salatzen dituztenak salatzeko joerak, gora

Gainera, tortura salaketak "pilatu" egiten direla ohartarazi dute abokatuek. Torturatuek salaketa jartzen dutela, baina epaitegiek ez dituztela salaketa horiek ikertzen, torturatzaileei inpunitate osoa eskainiz. Areago, azkenaldian, torturak salatzen dituztenak salatzeko jarrera ere hartu dutela azaldu dute, Alfontso Zenon abokatuak torturak salatu izanagatik Rodolfo Ares Herrizainguruaren eskutik jasotako salaketa adibide jarrita. "Onartezina da", esan du Ituiñok.

Horren guztiaren aurka, tortura amaitzeko neurriak eskatu ditu TATek: agintari politikoek torturatu egiten dela aitortzea; ez dela berriro gertatuko bermatzea eta horretarako nazioarteko adituek emandako gomendioei jarraitzea; eta tortura jasan dutenen duintasuna berreskuratzeko kasu guzti-guztiak era eraginkorrean ikertu eta epaitzea.

Tortura amaitzea "ezinbestekoa" dela ohartarazi dute abokatuek, areago "aro politiko berri baten atarian" egonik. Horretarako "guztien elkarlana" beharrezkoa izango dela esan, eta tortura amai dadin lan egiteko eskatu diete eragile politiko eta sozialei zein herritar guztiei. Gatazkaren konponbideari begira, indarkeria mota hori ere amaitu, konpondu eta erreparatzea behar-beharrezkoa izango dela ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.