Itxaropen mezua emanez amaitu du urtea Patxi Lopez lehendakariak. Etorkizunari begira baikor mintzatu da,Gabonak direla-eta euskal gizartearen ordezkaritza zabal bati Lehendakaritzako egoitzan egindako harreran. Datorren urtean «beldurra, xantaia eta terrorismoa» desagertzea espero duela esan du, eta bakea eta askatasuna «behin betirako» lortzea. «Terrorismoaren amaiera inoiz baino hurbilago dago. Askatasun osoa lur hartzen ari da betirako Euskadin».
Hitz horiek zuzendu dizkie ekitaldira joandako ehunka gonbidatuei. Politika, enpresa, kultura, komunikazio, justizia eta bestelako alorretako ordezkari ugari izan dira urtero antolatzen den harreran. Han ziren, besteak beste, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Xabier Agirre, Jose Luis Bilbao eta Markel Olano, EAJren EBBko buru Iñigo Urkullu eta EAEko PPren buru Antonio Basagoiti.
Aurten, Bizitza elkarbizitza da leloa jarri dio Jaurlaritzak ekitaldiari. Eta mezu horri heldu dio lehendakariak bere hitzaldian ere.2011n «haustura gutxiago» eta «elkarbizitza gehiago» egon dadintopa egin du Lopezek bildutakoen aurrean. Biktima guztiak «salbuespenik gabe» gogoan hartuta, itxaropen mezua helarazi du: «Amesgaiztoaren amaiera gertu dago».
Ateak zabalik dituen herri «modernoa eta ekimenduna» defendatu du Lopezek. Gainera, helburu hori erdiestea ez dela «utopia» bat esan du. Haren irudiko,elkarbizitza lortzea posible da, «tolerantzia» sustatuz gero, gizarte plural bat sortu ahal delako.
Krisialdi ekonomiko latzak herritarrengan duen eraginari ere aipamen egin dio. Lehendakariak adierazi du aurtengoa urte «zaila» izan dela baina gizarteak «erantzukizunez eta batuta» eutsi egin diola. Haren hitzetan, martxan jarri diren murrizketak eta erreformak ez dira «apeta» izan, gizarte laguntzak eta herriaren garapen iraunkorrari eusteko «ezinbesteko tresnak» baizik.
Datorren urtea ere ez da «samurra» izango, baina ekonomia hazteko gai izango da, lehendakariaren ustetan. «Mundu zabalean lehiatu beharko dugu aurrerantzean, baina ziur nago euskal enpresak gai izango direla erronkatik ateratzeko». Ezagutza, ikerketa eta guztien arteko elkarlana dira aurrera egiteko baldintza ezinbestekoak, Lopezen hitzetan.
LABen protesta
Lehendakaria hitzaldia ematen zegoen bitartean, Lehendakaritza parean LABek administrazioko langileen aurkako neurriak salatzeko elkarretaratze bat egin zuen. Ospakizun gutxiago, langile gehiago lelopean, sindikatuko dozenaka afiliatuk kritikatu zuten lehendakaria «lausengatzen aritzea» bankariak, patronalaren ordezkariak eta enpresa nagusietakoburuak eta bitartean Euskal Herriko langileak eta zerbitzu publikoek behar duten dirua «xahutzen» aritzea. Kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatu zituen LABek bilkuran.
2011n bakea «behin betirako» lortzeko esperantza du lehendakariak
«Amesgaiztoaren amaiera gertu» dagoela esan du Lopezek, euskal gizartearen ordezkaritza bati egindako harreran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu