Azpiegiturak

2011n hasiko dituzte AHTko lanak Nafarroan, gaur sinatutako protokoloaren arabera

Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak eta Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak sinatu dute akordioa. Lanek 1.500 milioi euroko aurrekontua dute. Egitasmoaren aurkako protesta ekimena egin dute hainbat lagunek.

2009ko maiatzaren 16a
18:05
Entzun
Espainiako eta Nafarroako gobernuek gaur sinatu dute, Iruñean, abiadura handiko trena (AHT) Nafarroan egiten hasteko protokoloa eta, horren arabera, 2011ko lehen hiruhilekoan ekingo diete lanei.

Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak eta Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak sinatu dute, eta honek azaldu du herrialdearen "garapen ekonomikorako funtsezkoa" izango dela azpiegitura. Sanzen ustez, AHTa egiteko lanekin lau mila lanpostu zuzen sortuko dituzte. Proiektuak 1.500 milioi euroko aurrekontua du.

Adostutako testuan jaso denez, Nafarroako exekutiboa Castejondik (Nafarroa) Iruñera arteko tren plataforma eraikitzeko proiektuaz arduratuko da, eta Espainiako Sustapen Ministerioak bere gain hartuko ditu eremu horretako gainegitura eta Zaragoza (Espainia) eta Castejon arteko zatia.

Nafarroako Gobernuak lanetarako dirua aurreratuko du, eta Espainiakoa bi urte barru hasiko zaio diru hori itzultzen. Protokoloa betetzen dela bermatzeko, zortzi lagunez osatutako jarraipen batzordea sortuko dute.

Izenpetze ekitaldiaren atarian egitasmoaren aurkako protesta ekimena egin dute hainbat lagunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.