2009an lortutako ingurumen baimenean ezarritako arauak ez betetzea egotzi dio Ekologistak Martxan taldeak Zabalgarbi Bilboko errauste plantari. Eusko Jaurlaritzaren jarraipen txostenean ageri diren datuak hartu dituzte oinarri ekologistek. Dokumentuak dioenez, 2012. urtean Zabalgarbik lau aldiz gainditu zituen zenbait kutsagarri atmosferiko ordu erdian behin isurtzeko muga balioak: behin isuri zuen behar baino azido klorhidriko gehiago, beste behin partikula esekiak, eta birritan karbono dioxidoa.
Horrez gain, errauste plantaren eraginkortasun energetikoari buruzko kalkulua aztertzeko eskatu diote ekologistek Jaurlaritzari. R1 faktorea deiturikoan 0,60ko puntuazioa gainditu behar dute errauste plantek eraginkortasun hori egiaztatzeko; Zabalgarbiren kalkuluen arabera, 0,63koa da balio hori, baina Ekologistak Mrtxanek uste du “metodologia akatsak” egon direla kalkulua egiterakoan, eta 0,59an egon daitekela.
Horrek aldaketa ekarriko luke Zabalgarbik hondakinen tratamenduaren hierarkian daukan kokapenean: hondakinak balioztatzetik (hondakinak errez energia produzitu) zaborra desagerraraztera igaroko litzateke. Hartara, Carlos Arribas Ekologistak Martxaneko kideak ondorioztatu du Zabalgarbiren 2012ko jarduna “legez kanpo” legokeela, “aurretik tratatu gabeko hondakinak zuzenean desagerraraztea debekatua duelako Europako zuzentarauak”.
Gizartea
2012an Zabalgarbik isurketa mugak gainditu zituela salatu du Ekologistak Martxan taldeak
Errausketa plantaren energia eraginkortasunari buruzko kalkulua aztertzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu