2012rako ezarriko dira osasun errezeta elektronikoak

Gripeak gaixotutakoen %60k A/H1N1 motakoa izan du; hala ere, kontrolatuta dagoela dio Jaurlaritzak

Bilbo
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Errezeta elektronikoak erabiliko dira osasun zerbitzu publikoan 2012rako, tratamendu farmaterapeutikoaren planaren bitartez. Osasun eta Kontsumo Sailak eta EAEko Farmazialarien Kontseiluak sinaturiko hitzarmenari esker bultzatuko da proiektua. Sustatzaileek azaldu dutenez, plana abian jartzen denean kalitateak gora egingo du sendagaia agintzeko eta emateko orduan, medikuntzako profesionalek gaixoaren inguruko informazio osoa izango baitute.

Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburuak azaldu du aldaketa zertan den: «Lehen, errezetaren kontzeptua erabiltzen genuen, eta orain, tratamendu farmaterapeutikoaren plana erabiliko dugu». Izan ere, medikuak gaixo bakoitzari tratamendu plan bat jarriko dio, urtebeteko epean behar duen medikazio guztia zehazturik.

Gaixotasun kronikoei aurre egiteko estrategiaren araberako proiektua da errezeta elektronikoena. Izan ere, sailburuaren iritziz, «hobekuntza nabarmenak» ekarriko ditu iraupen luzeko tratamenduak dituztenentzat; gaixo kronikoentzat, esaterako.

Planari esker, osasun sarean parte hartzen duten eragile guztiek, medikuek zein farmazialariek, gaixoaren historiararako sarbidea izango dute, sendagaien erabilera eraginkor eta ziurra bermatzeko. Bestalde, gaixoek ez dute medikuarenera joan beharko botikak erosi behar dituzten bakoitzean; izan ere, txartelaren bidez, farmazialariak jakingo du gaixoa zein tratamendu jasotzen ari den. Horrela, hilabetean behar dituen botikak eskuratu ahalko ditu.

Bengoak azaldu duenez, «ez da paperezko errezetatik elektronikorainoko jauzi huts bat; onura asko ekarriko ditu». Horien artean, segurtasunaz eta erosotasunaz gain, medikuek duten lan karga ere murriztuko dela azaldu du Bengoak. Gainera, laguntza maila guztietako profesionalen arteko konexioa erraztu egingo da. «Errezeta elektronikoari esker, farmazialariek ere gehiago parte hartuko dute gaixoei laguntzeko orduan». Gaixoak tratamendu argiagoa eta zehatzagoa izango duenez, xeheago jakingo da medikuak zer errezetatu dion.

Urte amaieran, eremu batzuetan plan berria ezarrita egotea espero dute. 2012rako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa osoan indarrean egongo dela espero da.

Gripe kasuak, kontrolatuak

Bengoak azaldu du A/H1N1 motakoak izan direla hiru probintzietan izan diren gripe kasuen %60. Hala ere, gaixotasuna guztiz kontrolatua dagoela adierazi du: «Garai honetan, urtero ugaritzen dira gripe kasuak, baina egoera normaltzat jo dezakegu, eta pare bat aste barru gaixo kopurua murriztu egingo dela espero da».

A motako gripeak beste era batean jokatzen duela gogorarazi dute: «Gazteak dira kaltetu nagusiak, eta gaixotasunak biriketan eragiten du zuzenean. Arnas aparatuan beste gripeek baino arazo konplexuagoak sortzen ditu».

Gripea kontrolpean egoteko arrazoi nagusitzat txerto kanpaina jo du Bengoak. Hiru motatako gripeen aurkako txertoak jarri ziren, A motakoa barne. Txerto kanpainaz gain, beste neurri batzuk ere hartu dituzte; osasun etxeetan ohe gehiago egokitzea, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.