Horiek eta beste hainbat helburu jarri dizkio bere buruari EHUk, eta guztiak betetzeko modukoak direla esan zuen Perez Iglesiasek plana aurkezteko ekitaldian. Azken urteetako joerak eta unibertsitateak dauzkan baliabideak ikusita zehaztu dituzte helburuak. «Errealistak izan gara. Beraz, baliteke irakasleentzat ezarri dugun %43 hori labur izatea. %45era ere iritsiko garela ziur nago».
EHUko Euskararen Plan Gidariak gaztelaniaren eta euskararen arteko oreka lortzea du helburu, eta, horretarako, hainbat alorretan eragingo du: irakasleria, titulazioak, AZPko langileak, ikasmateriala, eta abar. Unibertsitateko Gobernu Taldearen ustez, gizartea eta EHU ez dira bide beretik joan euskararen alorrean, gizartea pauso bat aurrerago doalako. Izan ere, aurreko ikasturtean ikasleen erdiak baino gehiagok euskaraz egin zuten selektibitate azterketa, beste inoiz ez bezala; edo, ikasle berrien %43,9k ikasketak euskaraz egiteko izena ematen dute. «Joera da kopuru horiek gorantz egitea».
EHUko Gobernu Taldeak joan den maiatzaren 17an Gobernu Kontseiluari aurkeztu zion Plan Gidariaren zirriborroa. Egun, zuzenketak aurkezteko epea zabalik dago, baina Perez Iglesiasek esan zuenez, atzo aurkeztu zenetik ez da gehiegi aldatuko.
Honako hauek dira EHUko Euskararen Plan Gidariko oinarriak atal bakoitzerako:
Irakasleak
Azken urteetan irakasle elebidun asko sartu dira EHUn, baina ahalegin hori ez da nahikoa izan irakasleen eta ikertzaileen arteko oreka linguistikoa handiagoa izan dadin. Egun, irakasleen %35 da elebiduna, eta hori ez da nahikoa hemendik urte gutxira ikasleek egingo duten eskariari erantzuteko. Irakaslerian dagoen desoreka oraindik eta nabarmenagoa da zientzia esperimentaletan eta ikasketa teknikoetan. Bestalde, doktore titulua duten irakasleen %28 bakarrik dira elebidunak, eta irakasle elebidunen erdia baino apur bat gehiago da doktorea.
Plan Gidariak jasotzen du bost urteren buruan ardura osoa duten irakasleen %43k elebiduna izan behar dutela. EHUk irakasleentzako erretiroa hartzeko plana abian jartzeko asmoa dauka, eta horri helduko dioten gehienak elebakarrak direnez, kontratatuko diren irakasle elebidunekin batez bestekoak gora egingo duela uste du EHUk. Bestalde, eta sailen barruan euskara eguneroko lan tresna izateko asmoarekin, sailetan ere oreka bilatzen ahaleginduko dira. Sailetako kideen herena elebiduna izan beharko du gutxienez. «Sail bat erabat euskalduntzeak eta ondokoan irakasle elebidun bakarra izateak ez dit balio», esan zuen Perez Iglesiasek. Era berean, irakasle elebidunei doktoregoa ateratzeko erraztasunak eta pizgarriak emango zaizkie.
Irakats eskaintza
Egun EHUk eskaintzen dituen enborreko eta nahitaezko kredituen bi heren inguru hizkuntza bietan eskaintzen dira. Portzentaje hori altuagoa izan daitekeela azpimarratu du EHUk. Baina Bolognako prozesuak goitik behera aldatuko du EHUko titulazioen mapa, eta horrek eragina izan dezake titulazioen euskalduntzean. Dena dela, enborreko eta nahitaezko kreditu guztiak euskaraz eskaintzeko konpromisoa hartu du Plan Gidariak, baldin eta eskaera nahikoa bada.
Graduatu ondoko ikasketei dagokionez, oraindik ere zehaztu gabe dago zeintzuk eskainiko dituen EHUk, baina horietan ez da bikoizketarik egingo; hau da, ez da graduatu ondoko bera euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko. Helburua da graduatu ondokoak eleanitzak izatea, eta ikasgai bakoitzak bere hizkuntza izatea.
Administrazio eta zerbitzuak
EHUko Gobernu Taldeak argi dauka: «Irakaskuntzaren alorrean ahalegin handia egin arren, unibertsitate bat ez da izango elebiduna administrazio eta zerbitzuetako langileak ez badira gai lana bi hizkuntzetan egiteko». Gaur egun, AZPko langileen ia erdiak ez dauka egiaztatuta hizkuntz eskakizuna, eta %17k bakarrik dauka 3. eta 4. hizkuntz eskakizuna. Beste errealitate bat ere agerian uzten du Plan Gidariak: euskaldunen kopuruak gora egin arren, horrek ez du esan nahi euskararen erabilerak gora egin duenik. Arazo horrek Unibertsitate guztiari eragiten dio, baina gehienbat AZPkoen sektoreari.
Egoera hori aldatzeko, jendaurrean aritzen diren AZPko langileak elebidunak izatea jasotzen du planak. Era berean, eta gutxieneko komunikaziorako 2. hizkuntz eskakizuna gutxi dela ikusita, 3. hizkuntz eskakizuna eskatuko zaie. Hala, helburu horiek lortzeko erraztasunak emango zaizkie.
Ikasmateriala
Plan Gidarian jasotzen denez, euskarazko ikasmaterialaren egoera ez da ona. Osasun zientzietan eta ikasketa teknikoetan premia handiak daude; eta, bestetik, ikasmaterial berria sortu behar da egungoa Europako Unibertsitate Eremuaren eskakizun pedagogikoetara egokitu behar delako. Besteak beste, azken hamarkadan EHUn argitaratu diren liburuen erdia baino zerbait gutxiago euskaraz egin dira.
Euskarazko ikasmateriala sustatzeko, klasikoak izendatu diren liburuak itzuliko dira. Bestalde, ikasmaterial berria sortzeko erraztasunak egongo dira irakasleentzat. Era berean, egindako testuak zuzentzeko zerbitzua eskainiko du EHUk. Material guztia web orrialdean egongo da.
Ikasleen erdiek baino gehiagok euskaraz egingo dute selektibitatea
Azken urteetako joerari jarraituta, gero eta gehiago dira unibertsitatera sartzeko selektibitate azterketa euskaraz egiten dutenak. Iaz, lehenengo aldiz, gehiago izan ziren hautaproba euskaraz egin nahi izan zutenak; ikasleen %51k egin zuten selektibitatea euskaraz. Aurten, berriz, oraindik eta gehiago izango dira: %52,2. Guztira, 7.804 ikaslek egingo dute azterketa. Gipuzkoako ikasleen %64k euskaraz egingo du. Bizkaikoak %46 izango dira, eta Arabakoak %41.Asteazkenean hasiko dira azterketak, 16:00etan. Hizkuntza eta Literaturako proba izango da lehenengoa, eta gero, Historia eta Filosofia izango dute. Ostegunean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara arituko dira probak egiten. Batxilergoan egindako espezialitateko derrigorrezkoen eta hautazkoen azterketak izango dituzte. Ostiralean amaituko dira probak. 10:00etan hasita Euskarazko azterketa izango dute, eta gero, Atzerriko Hizkuntza. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian hurrengo astean izango dira azterketak.