Euskal presoen egoeraren 2013ko balantzea egin du Etxerat elkarteak gaur, Bilbon. Oroitarazi dutenez, bi preso hil dira —Angel Figeroa eta Xabier Lopez Peña—, eta gaixotasun larriak dituzten hamar presok jarraitzen dute espetxean. Ana Gastesi iheslaria ere hil da "etxera itzuli ahal izan gabe", Etxerat-ek salatu duenez.
Espetxe politikaren datuak ere ezagutarazi ditu elkarteak. 520 presoetatik sei baino ez daude Euskal Herrian, eta kanpoan preso daudenei bisitan zihoazela hemeretzi senidek auto istripua izan dute iragan urtean. Zortzi istripu gertatu dira espetxeetara bisitan. "Sakabanaketak ahalbidetzen ditu egoera hauek guztiak", salatu dute.
Elkarteak gogorarazi du senide batzuek jazarpen egoerak bizi izan dituztela espetxeetan, eta Sevilla II kartzelako presoek euren egoera salatzeko eginiko gose greba ere oroitu du Etxerat-ek. Orotara, 39 lagun espetxeratu eta 119 libre utzi dituzte 2013an.
Gauzak horrela, urte "gazi-gozoa" izan da 2013.a euskal preso, iheslari eta deportatuen senide eta lagunentzat. Gozoa senide asko askatu dituztelako, baina gazia "oraindik beste asko" dituztelako espetxean zein deserrian, eta egoera gogorra bizi dutelako haiek. Hortaz, konponbideari begirako lanean jarraitu beharra aldarrikatu dute.
Presoen zein haien senideen eskubideak errespetatu daitezen sakabanaketa amaitzea ezinbestekoa dela ohartarazi dute, eta hala izan dadin bultza egiteko, larunbatean Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko eskatu dute. Senideak beraiek Bilbon izango dira, hartarako hurkoei bisita egitera joateari uko eginda.