2013an amaituko dute errezeta elektronikoa EAEko farmazia guztietan jartzen

Errezeta paperik gabe emateak eragile ugariren arteko koordinazioa behar duela ohartarazi du Ibermatica enpresak

Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
2013. urteko lehen seihilekorako amaituko dute errezeta elektronikoa ezartzen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazia guztietan. Hala espero du, behintzat, Ibermaticak, botiketan teknologia egokitzeaz arduratzen ari den enpresak. Hainbat tresneria moldatzen ari da, sendagaiak paperezko errezetarik gabe erosi ahal izateko. Ibermaticak aitortu du ezartzen ari den teknologia eta tresneria «konplexuak» direla, Osakidetzaren, hiru herrialdeetako botikarien elkargoen eta botiketako jabeen artean «koordinazio sareak» ezartzea behar duelako. Edonola ere, hilabete batzuen buruan eredu berria botika guztietara hedatzea espero du.

Ezartzen ari diren sistemaren abantailak azaldu ditu Ibermaticak. Besteak beste, errezetatu diren sendagaien gaineko kontrola «zorrotzagoa» izango da, pertsona batek hartzen dituen sendagai guztien arteko bateragarritasunik ezak antzemango dituelako.Gainera, eri kronikoek ez dute behin eta berriro errezeten bila osasun etxera joan beharko; automatikoki berrituko dira errezetak, gaixoarigomendatutako kontsumoaren arabera.

Derion eta Abetxukun, proban

Derio (Bizkaia) eta Abetxuku (Araba) izan ziren eredu berriarekin proba gisara lanean hasi ziren aurreneko herriak. Uztailaren 23an hasi ziren Derion sendagaiak paperik gabeko errezeten bidez banatzen, eta hiru egun geroago, berriz, Abetxukun. Errezeta elektronikoa ezartzeko lehen fasea izan zen bi herri horietakoa, eta irailean jarraituko dute bigarren fasearekin: Rivabellosan, Bastidan (Araba), Hondarribian, Oñatin (Gipuzkoa), Lekeition eta Ondarroan (Bizkaia) hasiko dira erabiltzen datorren hiletik aurrera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hilaren 11n ezagutarazi zuenez, Abetxukun eta Derion 1.345 pertsonak erabili dute errezeta elektronikoa sistema hori indarrean ezarri zutenetik; orotara, 3.338 sendagai jaso dituzte hiru astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.