Hezkuntza Departamentuaren arabera, prozesuak epe batzuk bete behar ditu eta "ezinezkoa" da jada 2014-2015 ikasturterako lan eskaintza publikoa egitea. Lan eskaintza prestatzen ari da gobernua, eta sindikatuekin hitz egingo du gero.
Ander Pascual ELA sindikatuko ordezkariak jakinarazi du sektoreak "ezinegona" bizi izan duela asteon lan eskaintza publikoari buruzko informazioen inguruan; hortaz, bilera egin dute Iñigo Huarte Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Baliabideen zuzendariarekin. Hark esan die araudiak ezarritako epeak errespetatu behar direla eta, beraz, ez dagoela aski denborarik oposizioak ikasturte honetan egiteko.
Pascualek salatu du "inprobisazioz" jokatzen ari dela gobernua, argudiatuz iragan astean lan eskaintza publikoa egiteko eskariari "ezezko borobila" erantzun ziola. EILASek, berriz, "arduragabetzat" jo du Hezkuntza Departamentuaren jarduna.