nafarroako egoera politikoa

2015 aldaketaren urtea izan da EH Bilduren arabera

Madrilek polizia indarkeriaren biktimen foru legearen aurka jo izana errefusatu dute.

Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramirez, gaurko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
2015eko abenduaren 30a
13:37
Entzun

Nafarroara “aldaketaren tsunamia” iritsi dela baieztatu du Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak, gaur goizean Iruñean egindako agerraldian. 2015eko errepasoa egin du, eta ohartarazi du akordio programatikoa erregimenaren estrukturak eraisteko tresna egokia dela.

“Luzerako lasterketa bat da, eta pixkanaka ari gara aldaketak ikusten”. Besteak beste, gobernuak onartutako zerga erreforma aipatu du. Horri esker, 2016ko aurrekontuekin ehunka pertsonek bizi duten egoera konplexuari aurre egiteko aukera egongo dela jakinarazi du.

Baina gobernua sostengatzen duten alderdien arteko desadostasunek oztopoak jartzen dizkiote aldaketari. “Gure ustez Nafarroako Gobernuak jarrera sendoago batez lan egin beharko luke aldaketaren bidean aurrera determinazioz egiteko”. Gaurko gobernu saioa adibide gisa jarri du. Aroztegiako PSIS-a onartzeko aukera dago, eta hain zuzen, gai hori akordio programatikoan desadostasunen artean bilduta dago. “Proiektu hori jarraipen batzordean jorratu behar da, eta ez da erabakirik hartu behar korrika eta presaka. Hori eskatu diogu gobernuari, eta egokiena egingo dutela espero dugu”.

Azkenik, atzo Madrilek polizia indarkeriaren biktimen legearen aurka jo izana gaitzetsi du EH Bilduk. “Hamazazpigarren aldiz, Nafarroako gehiengo sozial eta politikoen gainetik pasatu da Espainiako Gobernua, eta biktima horien eskubideak urratu ditu. Irmo jarraituko dugu merezi duten aitortza izan dezaten”.

Oztopo eta desadostasun guztien gainetik 2016an “aldaketa sakon eta iraunkor” baten alde lanean jarraituko dutela adierazi du Ruizek.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.