EUSKARA

2015erako zerbitzu guztiak euskaraz bermatzea espero du Gipuzkoako Diputazioak

2012-15 aldirako eginiko hausnarketa estrategikoaren emaitzen berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Oihan Vitoria.
2014ko maiatzaren 30a
15:44
Entzun

Lanketaren %89,5 egina du dagoeneko, eta heldu den urterako zerbitzu guztiak euskaraz bermatu ahal izatea espero dutela adierazi du Zigor Etxeburuak, diputazioko Euskara zuzendariak. "Euskarak lehentasunezko trataera izan behar du. Gaztelaniarekiko desoreka berdindu behar dugu. Horretan ari gara, pausoz pauso".

Lehen arretan ez ezik, aldundiko esparru orotan euskara lan hizkuntza "sendo" bilakatzen ari dira, Etxeburuaren arabera; ahozko zein idatzizko harremanetan. Ogasuneko departamentua aitzindaria da zentzu horretan. Kontrara, Ingurumen sailean euskararen presentzia indartzea dute xede. "Bide onean goaz, baina oraindik lan eskerga dugu egiteko".

Oro har, erabilera eta ezagutza gora doazela ziurtatu du Etxeburuak: herritarren %53 inguru euskaldun elebidunak dira eta %20k euskara ulertzeko gaitasuna dute. Itzalik bada, halere. Gipuzkoako gazteen %20k erabiltzen dute euskara, horietako %80 euskaldun elebidunak izan arren. "Osasuntsu dago euskara, baina osasun hobea izan dezake". Baikor da, ordea, herritarren artean joera aldaketa bat ematen ari dela iritzita. "Estres linguistiko gutxiago nabaritu dugu. Lasaiago daude, erosoago. Badakite euskaraz mintza daitezkeela zuzenean administrazioarekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.