Enplegua sortu eta langabezia jaitsi egingo da datorren urtean, nahiz eta aurten baino modu apalagoan egingo duen. Hori aurreikusi du Confebaskek gaur Bilbon aurkeztu duen txostenean. EAEko ekonomiak %2,7ko hazkundearekin amaituko du 2015a, eta aurreikuspenen arabera %2,6 haziko da heldu den urtean. Gizarte Segurantzak, berriz, 18.000 afiliatu berri izango ditu 2016an, urte amaiera honetan baino bi puntu gehiago.
Datorren urteari begira, Euskal Enpresarien Konfederakuntzaren arabera, zerbitzuen sektorea izango da gehien haziko dena (%2,8), nahiz eta bizitasuna galduko duen; hiru hamarren jaitsiko da hazkundea. Europatik iritsiko diren eskaerek industria bultzatuko dute eta %2,5 haztea espero du. Eraikuntza sektorea, aldiz, 2007az geroztik aurreneko aldiz haziko da (%0,7), nahiz eta Confebaskeko presidente Roberto Larrañagak azaldu duenez “modu oso oso apalean” egingo duen.
“Krisiaren momenturik txarrenak dira eta orain beste aro berri batean gaude”, ospatu du Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak. Horren adierazletzat jo du enplegua berregituratzeko plan kopurua %52,6 jaitsi izana; urte betean 1.309tik 620ra. “Lan gatazkak ere azken hamabost urteetako minimoetara jaitsi dira. Krisi honetan zerbait desberdindu bada, enpresariek eta langileek erakutsitako heldutasuna izan da. Enpresariek ez dute langileak galdu nahi izan, eta langileek ez dute enpresa galdu nahi izan.”
Halere, oraindik ere nazioarteko ekonomiak zalantzak sortzen dituela ohartarazi du. “Etxerako lanak ondo egin duen bakarra AEB izan dira”. Munduko ekonomia %3,1 haziko da aurten, iaz baino bi hamarren gutxiago. “Ekonomiak garapen egoki bat izateko, gutxienez %4ko hazkunde bat izan beharko luke”, azaldu du. Adierazgarritzat jo du, esaterako, Brasil eta Errusiako ekonomiek jasango duten dezelerazioa datorren urtean. Azaleratzen ari diren ekonomiek beherakada bat pairatuko dutela azaldu du Larrañagak, batik bat hiru arrazoi nagusirengatik: petrolioaren prezioaren beherakada, Dolarraren indartzea eta mundu mailako komertzioaren ahultasuna. Europa guneko ekonomiak bakarrik azaldu du 2015ean aurreko urtean baino portaera hobeago bat; %0,9tik %1,6ko hazkundea izatera igaro da.
“Susperraldia bultzatzeko, lehiakortasuna sostengatzen duten neurriak behar dira, doikuntzatik estimulura pasatuz eta enpresa jarduera eta enplegua sendotuz. Horretarako, moneta eta zerga politikek ematen diguten aukera aprobetxatu beharko genuke”, nabarmendu du Larrañagak.