Donostiarrei ere iritsi zaie erabakitzeko garaia. Datorren urteko udazkenean Donostian Euskal Herriko estatus politikoari buruzko galdeketa egiteko asmoarekin aurkeztu dute, gaur, Donostia Galdeketa taldea. Hala, Gipuzkoako hiriburua izango da Gure Esku Dago-koek erabakitze eskubidearen inguruko herri galdeketa egingo duten lehenengo hiriburua. Alor anitzeko eragileen babesarekin egin dute aurkezpena, Donostiako Udaletxean.
Hurrengo urratsa ere zehaztu dute: sinadura bilketa. Urtea amaitu aurretik ekingo diote lan horri, eta apirilerako 8.000 bat sinadura biltzeko asmoa dute. Urtean zehar hamaika ekitaldi egingo dituzte, herritarren parte hartzea bultzatzeko eta sustatzeko. Kazetarien galderei erantzunez, gustatuko litzaiekeen parte hartzea ere aurreratu dute: "%25eko parte hartzea emaitza ona litzateke".
Atxikimendu zabala jaso du elkarteak dagoeneko. Anitza da eragileen zerrenda: alderdi politikoak, sindikalgintza, kirolariak eta kultur eragileak bildu dituzte. Besteak beste, honakoak: EH Bildu, EAJ, Ahal Dugu, ELA, LAB, Steilas, Realeko jokalari ohi Inaxio Kortabarria, Agustin Gajate eta Dioni Urreisti; Ramon Agirre, Ana Miranda eta Iñake Irastorza aktoreak; Beñat Gaztelumendi bertsolaria, Harkaitz Cano eta Rafa Egiguren idazleak eta Iñaki Egaña historialaria.