Nuclenorrek idatziz jakinarazi die Burgosko udalei noiz hasiko dituen Garoña eraisteko lanak. Datorren urteko bigarren seihilekoan hastea litzateke enpresaren asmoa, betiere datozen hilabeteetan Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren eta Hondakinen Espainiako Enpresaren onespena jasotzen badu.
Duela urtebete jakinarazi zuen Nuclenor enpresak Garoña itxiko zuela: iazko abuztuan. Ez zitzaion beste aukerarik geratu; izan ere, Espainiako Energia eta Turismo Ministerioak ukatu egin zion berriz zabaltzeko baimena. Orain, zentralaren inguruan dauden hamalau udalak lanean ari dira, hura kentzen dutenerako egitasmo bat prestatzen. Irailaren amaieran aurkeztea dute asmoa.
2012ko abenduan itxi zuten Garoñako zentral nuklearra, 40 urtean baino gehiagoan argindarra ekoizten aritu ostean. Berez, 2009ra arteko baimena zuen zentralak lanean jarraitzeko, baina Espainiako Gobernuak beste lau urtez luzatu zion lizentzia. Ondoren, Nuclenorrek zentrala berriz zabaltzeko baimena eskatu zion Madrili. Hark, ordea, hainbat hobetze lan egiteko baldintza jarri zion. Enpresak atzeratu egin zituen lan horiek, zabaltzeko oniritzia jaso zain zeudela esanez. Azkenean, ordea, ezezkoa izan zen Espainiako Gobernuaren erantzuna.