Hondakinak

2020rako hondakinen sorrera %10 gutxitzeko plana egin du Jaurlaritzak

Hondakinak prebenitu eta kudeatzeko plana taxutu du. Organikoen bilketa «unibertsal bihurtzeko» akordio bat saiatuko du diputazioekin. Hiri hondakinen gaikako bilketa %31n egonkortua dago.

Urtetako zabortegia, Zarautzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
mikel p ansa
2014ko uztailaren 22a
16:42
Entzun

Hondakin guztien sorrera %10 gutxitzea, %75 gaika biltzea, %60 berrerabili, birziklatu edo balioztatzea, eta tratatu gabeko hondakinik ez botatzea zabortegietara. Hondakinak kudeatzeko 2020. urtera arteko plana diseinatu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, eta lau helburu «estrategiko» horiek zehaztu. Prebentzioa eta «zabortegietara botatzearen aurkako borroka» jo ditu erronka nagusi. Jendaurrean jarri dute erakusgarri dokumentua, nahi dutenek zuzenketak aurkez diezazkioten.

Jaurlaritzak ez du zuzeneko eskumenik hondakinen bilketan eta tratamenduan. Baina berari dagokio plan orokorrak diseinatzea eta helburuak zehaztea. Diputazioekin batera, bestalde, koordinazio gune batean parte hartzen du. Europako zuzentarauek eta Espainiako Hondakinen Legeak diotena jasoz, helburu horiek egokitu ditu orain Jaurlaritzak, eta norabidea ezarri du, hondakinen bilketan (udalak) eta tratamenduan (diputazioak) eskumenak dituzten erakundeei jarraibideak ezarriz.

Hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko plana izena eman diote dokumentuari —gaztelaniaz soilik eman dute, ordea—. 2014tik 2020ra egongo da indarrean. Zazpi urte horietan, 3,5 milioi euroko aurrekontua izango du planak.

Hiru hondakin multzo handi bereizten ditu: arriskutsuak, ez arriskutsuak, eta hiri hondakinak —hondakin arriskutsu eta ez arriskutsuen artean industriak sortuak hartzen dira aintzat batik bat—. Zenbait hondakin planetik kanpo geratu dira, hala nola meatzaritzan sortuak, lur kutsatuak eta nekazaritza eta abeltzaintzako hondakin ez arriskutsuak.

2010ean sortu ziren hondakinen kopurua %10 gutxitzea eta gaikako bilketa %75eko portzentajera igotzeko helburuak aipatzen dituenean, hiru hondakin multzo horiez ari da plana, beraz. Eta multzo batetik bestera badira aldeak, hiri hondakinen kasuan %25 inguru soilik biltzen direlako gaika. Hiri hondakinen gaikako bilketari dagokionez, planak aitortzen du «hobetzeko tartea» dagoela, batez ere materia organikoaren eta ontzi arinen ataletan, baita arropa, jostailu, pintura, liburu, olio eta halako frakzioen kasuetan ere.

Hiri hondakinen bilketa selektiboan ere hobetu behar dela onartuta, beraz, 2020rako materia organikoaren %60 gaika biltzeko helburua jarri du planak. Paperaren, beiraren, ontzi arinen, metalaren eta zuraren bilketa selektiboa %70era igotzeko xedea ere ezarri du. 

Gipuzkoarekin kezkaturik

Hondakinak tratatzeko gaur egun martxan diren plantak aski dira, Jaurlaritzaren iritziz. Kezkak ditu Gipuzkoako egoerarekin, ordea. Errauste plantaren ordez diputazioak proposatutako konpostatze plantekin eta Zubietako TMB tratamendu mekaniko-biologikorako plantarekin hondakinen tratamendua bermatua dagoela uste du Ingurumen Sailak. Baina azpiegitura berri horiek eraikitzeko egutegiarekin ditu zalantzak. Epeak bete ezean legeak agindutako helburuak agian ez direla lortuko, edo 2014an zabortegiak ixten hastea ezinezko izango dela abisatu du.

Aldiz, industriako hondakin batzuk tratatzeko azpiegiturak falta direla uste du Jaurlaritzak, eta horrek enpresen «lehiakortasunari» kalte egiten diola. Papergintzako lohiak tratatzeko, araztegietako lohiak lehortzeko, lur mugimenduak eta inerteak biltzeko, adibidez, plantak falta direla uste du. Erantsi du itsasontzi handiak desmuntatzeko azpiegiturak behar direla, baita ideia eman ere: «Gaur existitzen diren ontziola batzuen egokitzapenak konpondu ahal izango luke hori, eta sektorearentzat merkatu berri bat izango litzateke».

Hondakin gutxiago sortzeko prebentzioan egin beharreko lanari buruzko hainbat proposamen egin ditu planak: etxetresnen, ontzien, altzarien eta arropen berrerabilpena bultzatzea; jakien «xahuketa» murriztea; dentsitate txikiko herrietan auzokonposta eta autokonposta sustatzea; erabilera bakarreko plastiko poltsak ordezkatzea; etxeetako produktu batzuei substantzia toxikoak kentzea; berrerabilpen merkatuak, ontziak eta botilak atzera jasotzeko moduak, plastikorik gabeko salmenta egiten duten dendak, konponketa tailerrak, ekodiseinua eta gisa horretako jarduera ekonomikoak laguntzea... «Ekonomia berdea» bultzatzea eta horrekin enplegua sortzea ere xede ezarri ditu.

Materia organikoaren bilketa

Bestalde, hiri hondakinen gaikako bilketan urratsak egiteko, planak zehazten du diputazioek eta Jaurlaritzak ahalegina egin behar dutela akordio bat lortzeko, materia organikoaren «bilketa unibertsal bihurtzeko». 2015ean espero du akordioa egitea. Hondakinen gainean isurketa kanonak jartzea eta tasak sortutako hondakinen arabera kobratzea ere aztertuko dute, gehien sortzen duenak gehiago ordain dezan.

Hondakinen gaineko estatistika ere hobetu nahi du planak, «zehazgabetasunak» daudela aitortuz: «Informazioa eta estatistika hobetu behar dira, baita hondakinen kudeaketa eta ekoizpenaren gaineko gardentasuna, kontrola eta jarraipena ere.»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.