Europak jarritako baldintzak kontuan hartuta osatu du hondakinen kudeaketarako 2019-2030 plana Gipuzkoako Diputazioak. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi duenez, helburua da Gipuzkoak "zabortegirik gabeko kudeaketa lortzea". Hondakinen %70 birziklatu nahi dituzte 2030rako, eta gainerako %30 "energetikoki balorizatu". Diputatua pozik agertu da, planean aurreikusi dutenez gai izango direlako "hondakin guztiak baliabide propioekin tratatzeko".
Gipuzkoako hondakinen plan berrian oinarrituta foru arau bat egingo dute; datorren otsailerako espero dute onartzea. Irailean partaidetza prozesu bat irekiko dute aurreproiektua aztertzeko; bertan batzar nagusiek, mankomunitateek eta gizarte eragile nahiz herritarrek parte hartu ahal izango dute.