Europa

2030erako CO2 isuriak %40 murriztea proposatu du Europako Batzordeak

Energia berriztagarrien portzentajea %14,4tik %27ra igo nahi dute Europan, 2030erako. Estatu bakoitzak ez du betebeharreko kuotarik izango.

urtzi urkizu
2014ko urtarrilaren 22a
14:01
Entzun

Europako Batzordeko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur eguerdian Bruselan. Europa osoan CO2 emisioak %40 gutxitzea proposatu dute, 1990ko mailarekin alderatuz. 2012an, Europako herrialdeek 2020rako emisioak %20 murrizteko konpromisoa hartu zuten. Greenpeace talde ekologistak, berriz, emisioen gutxitzea %55ekoa izatea proposatu du. Halaber, Europako Batzordeak emisioen merkatuaren erreforma egitea proposatu du, CO2 emisioak dituzten baimen batzuk merkatutik erretiratu ahal izateko. Neurri horrekin, gehiegizko eskaintza egotea eta prezioak asko jaistea eragotzi nahi du Europako Batzordeak.

Energia berriztagarriei dagokienez, Europako Batzordeak ehunekoa %14,4tik %27ra igotzea nahi du. Baina proposamena Europa osorako da, eta estatu bakoitzari ez dio helburu bat ezarriko. Horrenbestez, herrialdeek ez dute zigorrik jasoko energia berriztagarrien ehunekoa ez igotzeagatik. Lehendik, 2020rako energia berriztagarrientzat %20ko kuota zuen ezarria.

Alemaniak eta Frantziak —beste sei herrialderekin batera— gutun bat sinatu dute, Europako Batzordeari eskatzeko energia berriztagarrien inbertsioak sustatzeko. Erresuma Batuak, Espainiak eta beste herrialde batzuek, aldiz, ez dute nahi energia berriztagarriek betebeharreko kuotarik izan dezaten. 

Eraginkortasun energetikoari buruzko proposamenik ez du egin Europako Batzordeak. Arlo horretan neurriak hartzeko eskatu dute hainbat eragilek eta talde ekologistek. Europako Batzordeko ordezkariek adierazi dute gai hori "sakontasunean" aztertu nahi dutela, eta 2014aren amaieran adierazpen bat egingo dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.