Hondakinak

2035erako hondakinen %65 birziklatzera behartuko du Europak

Europako Parlamentuak eta estatuek akordioa lortu dute ekonomia zirkularrera iristeko prozeduraren inguruan. Parlamentuak %70eko birziklatze tasa proposatzen zuen 2030erako, baina estatuek helburu guztiak apaldu dituzte.

Langileak, hondakinak bereizten El Culebreteko hondakin zentroan. ARP
inaki petxarroman
2017ko abenduaren 18a
17:50
Entzun

Hiru urteko eztabaida eta negoziazioen ostean, akordioa lortu dute Europako Batasuneko erakundeek hiri hondakinen kudeaketaren helburu berriei dagokienez. Hau da, helmuga gisa jarritako ekonomia zirkularrera iristeko, zein helburu eta urrats egin behar dituzten estatuek aurrerantzean. Hain zuzen ere, estatuek hondakinen %55 birziklatu beharko dute 2025erako, %60 2030erako eta %65 2035erako. Aldi berean, zabortegira hondakinen %10 bakarrik eraman ahal izango dute 2035erako.

Europako Ingurumen Bulegoak (EEB) "tamalgarritzat" jo du estatuen jarrera, Europako Parlamentuaren hasierako helburuak apaldu egin dituelako. Ildo horretan, arrisku batez ere ohartarazi du: zabortegiari jarritako muga dela-eta, eta errausteari oztoporik jartzen ez bazaio, orain arte zabortegiak erabili dituzten herrialdeek hondakinen errausteari ekitea aurrerantzean. EEB 30 herrialde baino gehiagotako ingurumen erakundeak biltzen dituen sarea da.

Piotr Barczak EEBko eledunak adierazi du gehiago espero zitekeela prozesu honetatik, baina, hala ere, "aurrerapauso garrantzitsutzat" jo du legedi berria, orain arte indarrean dagoenarekin alderatuta. "Pozik gaude eztabaidak amaitu direlako. Orain erakundeek aukera hau baliatu behar dute ekonomia zirkular baterako trantsazio baterako", adierazi du.

Lege berria 2018aren hasieran jarriko da indarrean eta estatukideek 24 hilabete izango dituzte euren legedietara eramateko. Gaur egun hondakinen heren bat inguru bakarrik birziklatzen dira Euskal Herrian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.