INGURUMENA

2050erako gasen igorpenak %80 jaisteko plana egin du Jaurlaritzak

Klima Aldaketaren aurkako Euskadiko Estrategia aurkeztu du. Energia berriztagarrien erabilera sustatu nahi du, kontsumo orokorraren %40 izatera hel daitezen.

Eusko Jaurlaritzak Busturiako bioaniztasun zentroan egin zuen atzo gobernu bilera. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2015eko ekainaren 3a
16:43
Entzun

Klima aldaketaren inguruan Europan zehazten ari diren politiken eredu izan nahi du Eusko Jaurlaritzak. Erronka globala da ingurumenarena, baina «erantzukizunez» jokatu nahi du gobernuak, eta, 2050era begira, Klima Aldaketaren aurkako Euskadiko Estrategia landu du. Proposamena gauzatuz gero, %80 murriztuko dira berotegi efektuko gas igorpenak. Eta energia kontsumo orokorraren %40 iturri berriztagarrien bidezkoa izatea jarri dute helburu. Atzo estrategiaren berri emateko egindako agerraldian, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak adierazi zuen energia zein industria sektoreek isurtzen duten gas kopurua %50 jaistea lortu nahi dutela hori guztia lortzeko; Ingurumenaren Nazioarteko Eguna zela eta, Busturiko bioaniztasun zentroan (Bizkaia) egin zuen Jaurlaritzak gobernu bilera. «Euskadik plan propioa du ingurumenak etorkizunean ekarriko dituen erronkei aurre egiteko», adierazi zuen Oregik.

Bederatzi helburu zehaztu dituzte planean, eta 24 lan ildo. Orokorrak dira jarraibideak, neurri zehatzik gabeak. Besteak beste, karbono kontsumo txikiko energia ereduen alde egitea eta isurpenik gabeko garraioa bultzatzea aipatu du sailburuak. Egitekoen artean, hiriguneetan «zero isurpeneko eraikuntzak» lortzeko urratsak aipatu ditu, baita petroliotik eratorritako energia kontsumoa ordezkatzea ere. Estrategian zehaztu dituzten helburuak azaldu ditu argien. Behin eta berriz azpimarratu ditu Oregik datuak: 2005eko gas igorpenen aldean, 2050erako %80 murriztuko dira. Eta tarteko urratsa ere zehaztu dute: 2030erako isurketak %40 jaistea.

Industria eta energia sektoreek isurtzen dute gas kopuru handiena atmosferara, eta arlo horietan %50eko jaitsiera izatea jarri dute erronkatzat. Energia berriztagarriak erabiltzea eta eraginkortasun energetikoa duen teknologiak orokortzea bultzatuko dute horretarako.

Europako berotegi efektuko gas emisioen %0,5 sortzen dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. Ehunekoa «txikia» bada ere, neurriz jokatu nahi du Jaurlaritzak. Propio osatu dute plana orain. Klima aldaketari buruzko munduko konferentzia egingo dute sei hilabete barru Parisen: Kyotoko Protokoloaren indarraldia amaituta, konpromiso berriak zehazteko elkartuko dira klima aldaketari dagokionez. Eta Oregik azaldu du proposamen zehatz batekin joan nahi duela Jaurlaritzak bilerara. «Euskadik aurrez landutako tresna bat eramango du, helburuak eta lan ildoak finkatuta joango gara». Horra Jaurlaritzak osatu duen egitasmoak duen beste helburu bat: Europako zein nazioarteko gainontzeko eskualdeen aldean, eredu izan nahi du. Oregi: «Klima aldaketaren arloan ispilu izan nahi dugu».

Esparru guztiak zeharkatu behar ditu ingurumenaren auziak, sailbururen arabera, eta arreta berezia jarriko du horretan Jaurlaritzak. «Sektore politika guztiek bere egin behar dute klima aldaketaren arazoa. Eta estrategian aurreikusitako jarduera guztiak tokian toki eta esparru guztietan gauzatu behar dira». Plana elkarlanean osatu dutela azaldu du sailburuak. Eztabaidak egin dituzte administrazio publikoekin, erakundeekin, enpresekin eta elkarte ekologistekin. Eta aurrera begira ere, sektore guztien parte hartzea bermatu nahi dute, planak aurrera egiten duela ziurtatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.