Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 21 urteko mutil baten gorpua topatu dute bart gauean Zolloko urtegian (Arrankudiaga, Bizkaia). Gaztea Leioan bizi zen. Dirudienez, arrantza egiten ari zela uretara erori da, oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik.
Hildakoaren lagun bat ohartu zen ezbeharraz. Lagunak azaldu duenez, arratsaldean une batez joan egin zen urtegitik eta gaztea bakarrik utzi zuen. Itzultzean, bere laguna falta zela eta arrantzarako erabiltzen zuen materiala uretan zegoela ohartu zen. Jarraian, SOS Deiak larrialdi zerbitzura deitu zuen, eta Ertzaintzako Mendiko eta Urpeko Taldeak bertaratu ziren Zolloko urtegira; 21:30ak aldera. Bi orduko bilaketa lanen ostean topatu dute itotako gaztearen gorpua, 3 metroko sakoneran.