Gizartea

22 praktika proposatu ditu Arartekoak haur eta nerabeen sexu aniztasuna errespetatzeko

Europako Batzordearen abaroan egindako lan baten emaitza dira, eta urratsak egiten hastearen garrantzia nabarmendu du: "Asko dago egiteko"

Iñigo Lamarca EAEko arartekoa. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
arantxa iraola
2015eko martxoaren 17a
09:09
Entzun

Aurki utziko du EAEko ararteko kargua Iñigo Lamarcak, baina gaur goizean aukera izan du erakundeak koordinatutako Rainbow Has proiektuaren emaitzak aurkezteko: sexu aniztasunaren araberako bazterkeria jasaten duten haur eta nerabeen alde egindako proposamen bat da, haien aldeko jardunbideak zerrendatu dituena. Europako hainbat erakundek hartu dute parte egitasmoan, eta EAEko Arartekoa izan da guztien koordinatzailea. 

Aurkeztu duten lanean zerrendatutako 22 praktika egokien artean bost Euskal Autonomia Erkidegoan jasotakoak direla azaldu du Lamarcak. "Harro egoteko moduan gaude". Oroitarazi du, ordea, urte asko egin dituela gaiak ezkutuan, eta lan handia egin behar dela oraindik re. Azken helburua gaia eskoletako curriculumera eramatea dela oroitarazi du, baina bitartean ahalegina egin behar dela ikastetxeetan gaiari buruzko kontzientziazioa eta ezagutza zabaltzeko, eta, halaber, familiak ere hezteko. "Gurasoak oinarri dira adingabeen bizitzetan".

Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan bilerak egin zituzten proiekturako, eta osatu dute, halaber, Erresuma Batuan, Italian, Polonian eta Bulgarian jasotako informazioarekin. Ikerketa kualitatibo bat da, datu zehatzetan baino, jardunbideetan jarri duena ardatza. "Baina datu asko badira erakusten dutenak bazterkeria bizi dutela askotan umeek; dela duten joera sexualagatik, dela beren genero identitatea ez dagoelako argi, edo eta familia homoparentaletako umeak direlako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.