Istripua

22 urteko emakume bat larri zauritu da Irunberri aldean bere autoa errepidetik aterata

Gaztea Baztangoa da, eta Iruñeko Nafarroako Ospitalean artatzen ari dira. Ezbeharra zerk eragin duen ikertzen dihardute foruzainek.

2009ko urtarrilaren 26a
14:01
Entzun
Gaur goizean 22 urteko emakume bat larri zauritu da Irunberri (Nafarroa) aldean bere autoa errepidetik aterata. Gaztea (M.S.S.) Baztan bailarakoa dela jakinarazi dute iturri ofizialek, eta Nafarroako Ospitalera, Iruñera eraman dutela. Han artatzen ari dira.

Istripua goizeko 8:00ak baino lehen gertatu da, eta SOS Navarrak 8:05ean jaso du horren berri. Autoa Iruñea-Huesca lotzen dituen n-240 errepidean gertatu da, 36,4. kilometroan, Irunberri eta Ledia artean. Emakumea bakarrik zihoan ibilgailuan.

Nafarroako larrialdi zerbitzuak bertaratu, eta hantxe egin dizkiote lehenbiziko mediku artatzeak, gaztea autoan harrapatua baitzegoen. Gero anbulantzian eraman dute Iruñera, erietxera.

Foruzainak ezbeharra ikertzen ari dira. Lehen informazioen arabera, gazteak Opel Vectra zuri bat gidatzen zuen, Huescarako (Aragoi, Espainia) norabidean, eta halako batean errepidetik atera eta irauli egin zen. Autoa errepidetik lau metrora erori zen, zelai batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.