Yamiled Giraldo Iturengo bizilaguna hiltzeko agindua eman zuelakoan, Nafarroako Auzitegi Nagusiak hemeretzi urteko espetxe zigorra jarri dio Jose L.G. gizonezkoari, eta beste hiru urtekoa "Justiziari trabak ipintzeagatik". Gaur 14:00 aldera atera du epaia auzitegiak. Urtarrilaren bukaera eta otsailaren hasiera artean izan zen epaiketa, Iruñean.
2009ko apirilean hil zuten Giraldo, Cordovillan, tiroz. Epailearen arabera, prostituzio eta sexu gehiegikeriako kasu batean lekuko gisa aurkezteagatik hil zuten. Hain zuzen, epaiak dio Jose L.G.k espetxetik eman zuela hiltzeko agindua, emakumeak lekukotza hura emateagatik.
Auzian beste lau akusatu zeuden, eta epaileak haiek ere zigortu ditu. R.S.S. eta N.A.M.ri 21na urteko kartzela, Giraldo beraiek hil zutela egotzita. Beste zazpina hilabetekoa ere jarri die, legez kanpo armak izateagatik. R.S.S.k epaiketan aitortu zuen hiru mila eurogatik hil zuela emakumea.
P.A.G.P. eta K.I.M.ri, berriz, bakoitzari hogei urte eta erdiko kartzela zigorra ipini die Nafarroako Auzitegi Nagusiak, "hilketaren beharrezko laguntzaileak izan zirelako".