Burgosko kartzelan (Espainia) hilda aurkitu dute 22 urteko preso gipuzkoar bat. Hilaren 8an zendu zen. Salhaketa elkarteak eman du heriotzaren berri. Salatu du Espetxeetako Zuzendaritzak "ezkutatu" egin duela heriotza.
Burgosko kartzelan orain hilabete eta erdi hil zen beste preso euskal herritar bat. 25 urte zituen hark, eta bizkaitarra zen. Salhaketak gogora ekarri du, baita ere, Arkaitz Bellonen kasua. Salatu du, beraz, hiru euskal herritar hil direla kartzelan aurten, guztiak ere Euskal Herritik kanpoko espetxeetan.
Horrelako kasuen inguruan agintariek ezikusia egiten dutela ohartarazi du presoen eskubideen aldeko taldeak. "Kezkatu egiten gaitu eskumena duten agintari judizialen aldetik heriotza horien inguruabarrak argitzeko inolako ekimenik ez egoteak".