220 urteko zigor eskaria egin dute 'Alakrana'-ren ustezko bi bahitzailerentzat

Legez kanpoko 36 atxilotze eta armak eta bortxa erabiliz lapurreta egitea egozten die fiskalak

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 220 urteko espetxe zigorra eskatu du, ustez Bermeoko (Bizkaia) Alakrana atunontziaren bahiketan parte hartu zuten Abdu Willy eta Raageggesey Adji Hamanentzat. Legez kanpoko 36 atxilotze -ontzian bahituta egon zen marinel bakoitzeko bat- eta bortxa nahiz armak erabiliz lapurretan egitea leporatzen diete. Gainera, marinel bakoitzari ehun milioi euroko kalte-ordaina ematea eskatu du fiskalak. Haren arabera, ontziaren jabeak ere jaso beharko luke kalte-ordaina.

Iazko urriaren 2an bahitu zuten Alakrana ontzia, Somaliako uretan, eta 47 egunez izan zuten kontrolpean eskifaia. Bahiketa izan eta bi astera atxilotu zituzten Willy eta Haman. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek, gainera, haiek Espainiaratzeko eta kartzelatzeko agindua eman zuen. Horrek gaiztotu eta zaildu egin zituen negoziazioak, eskifaia libre uzteko, bi kideak libre uzteko eskatu baitzuten bahitzaileek. Ondoren, Santiago Pedraz epaileak hartu zuen kasua, eta Willy adinekoa edo adingabea zen argitu ezinik ibili zen. Azkenean, adinekoa zela ebatzi zuen, eta uztailaren 19an bukatu zuen sumarioa. Orain egin du fiskaltzak zigor eskaria.

Bestalde, herenegun, piratek Ortube berria ontziari eraso zioten, Somaliako kostaldetik 700 miliara. Ontzian zihoazen segurtasun pribatuko kideek tiroz erantzun zioten erasoari. Piratek erantzun egin zuten, baina gero ihesean joan ziren. Martxoan ere eraso zioten Ortube berria ontziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.