Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna (II-HE) koalizioari hasieran baino 2.226 boto gehiago aitortu dizkio Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralak. Hala, koalizioak 178.121 boto batu dituela jaso dute hauteskundeen emaitza ofizialetan -hasieran 175.895 boto zenbatu zituzten-. Gutxi-asko, alderdi guztien emaitzak aldatu dira, baina Legebiltzarreko eserlekuen banaketa ez da aldatu hasieran esandakoaren aldean.
Hauteskunde Batzorde Zentrala hasieran egindako okerrak zuzentzen saiatu da. Nolanahi ere, atzo Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituzten zenbakiak ez datoz bat lurraldeetako hauteskunde batzordeek kontaketak egin zituztenean emandako datuekin. Iniziatiba Internazionalistak Hego Euskal Herrian 140.068 boto batu zituela jakinarazi zuten orduan, eta atzoko emaitza ofizialen arabera, 139.981dira.
Koalizioa ez da gustura geratu azken zenbaketarekin ere. Hauteskunde emaitzak inpugnatu zituen koalizioak, aurrena lurralde batzorde batzuetan, eta haiek atzera bota ostean, Batzorde Zentralean. Irregulartasun ugari ikusi zituztela eta hauteskundeetan «iruzurra» izan zela salatu zuten. Bartzelona, Madril, Valladolid eta Cadizko emaitzak inpugnatu zituzten. Aurreneko hirurak ez dituztela onartu jakinarazi zuten berri agentziek, baina laugarrenaren berririk ez dago oraindik orain. Hala ere, Iniziatiba Internazionalistak jakinarazi zuen inpugnazioen bidea azkeneraino eramango duela. Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa dute, eta joan behar bada, baita Europara joatekoa ere.
Hauteskunde biharamunean bertan salatu zituen irregulartasunak Iniziatiba Internazionalista koalizioak, eta lurraldeetako hauteskunde batzordeetan egin zituzten bigarren kontaketetara joateko deia egin zien interbentoreei. Batzorde batzuetan ez zieten parte hartzen utzi. Halaere, botoen kontaketa berriz eginda ere, ezin da argitu Iniziatiba Internazionalistak duen kezka nagusia. Izan ere, boto zurien eta baliogabeen gorakada handiari begiratuta, beraien botoak zaku haietara joan ziren susmoa dute. Boto zuriak ezin dira berriz kontatu, egunean bertan bota egiten direlako. Baliogabeak ez dituzte botatzen, eta banan-banan begiratzeko aukera izan arren, ez dute hori egin.
Baliogabeek eta zuriek gora
Euskal Herritik kanpo, Espainiako hauteskunde barrutian, boto baliogabe eta zurien kopurua bikoiztu egin da, nahiz eta ez den alderdi edo talde esanguratsurik azaldu aukera horren alde. Azpimarratzekoa da, gainera, duela bost urteko bozetan legez kanpo utzitako Herritarren Zerrendako (HZ) hautagaitzarentzako botoa eskatu zuela ezker abertzaleak Hego Euskal Herrian.
Espainiako Barne Ministerioak 154.209 boto baliogabe zenbatu zituen 2004an. Horietatik 113.000 inguru HZ hautagaitzarenak izan ziren. Beraz, Euskal Herritik kanpo 41.000 boto baliogabe zenbatu zituzten. Aurten, berriz, 93.752 boto baliogabe zenbatu ditu Barne Ministerioak Euskal Herritik kanpo -Hego Euskal Herrian 4.327-. 50.000 botoren aldea dago boz batzuetatik besteetara.
Boto baliogabeak ez dituzte hausten hauteskunde gauean, gorde egiten dira. Baina, eskura izan arren ez dituzte banaka banaka begiratu. Iniziatiba Internazionalistako interbentoreek Lurralde Batzordeetako kontaketetan banaka kontatzeko eskatu zuten arren, laginen bidez egin zuten. Ondorioz, behin-behineko emaitzetan baino boto baliogabe gehiago agertu dira behin betiko emaitzetan: 4.329 Hego Euskal Herrian, eta 95.051 Euskal Herritik kanpo.
Boto zuriei dagokionean, aurten, 220.179 boto zenbatu ditu Espainiako Barne Ministerioak behin-behineko kontaketan; duela bost urte, berriz, 95.014. Behin betiko datuetan boto zurien kopuruak ere gora egin du, gutxi bada ere: 220.471. Botopaper zuriak botata daudenez ezin dira berriz kontatu.
Atzo jakinarazitako datu ofizialen arabera, alderdi nagusienen behin betiko emaitzek gora egin dute oro har, behin- behineko emaitzekin alderatuz. Izan ere, behin-behinekoetan kontatu gabeko atzerriko botoak ere kontatuta ematen dituzte behin betirako botoak.Alderdi txiki gehienei, berriz, kontrakoa gertatu zaie, hau da, boto kopurua gutxitzea.
Esate baterako, boto guztiak kontuan hartuta, behin-behineko emaitzetan PSOEk 6.032.500 boto zituen, eta behin betikoetan, berriz, 6.141.784. PPk 6.615.015 zituen behin-behinekoetan, eta 6.670.232 behin betikoetan. Europarako Koalizioak 802.225 zituen behin-behinekoetan eta 808.246 ditu behin betikoetan. Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioak 391.962 behin-behinekoetan, eta 394.938 behin betikoetan. Alderantziz, Amezketako IIren botoak apuntatu zizkioten POSIren kasuan, 12.911 boto zituen behin-behinekoetan, eta behin betikoetan 12.344 ditu.
2.226 boto gehiago onartu dizkiote Iniziatiba Internazionalistari
Hauteskunde Batzorde Zentralak emaitza ofizialak jakinarazi ditu boto baliogabe eta zuriak zenbatu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu