Jose Inazio Manterola Getariako Txakolina jatorri izenaren kontseilu arautzaileko zuzendariak irribarretsu adierazi du "oso gustura" daudela aurtengo uztarekin: "Edari bikaina lortu dugu. Eguzki ordu asko izan dira; udara oso garbia izan da, eta horrek asko laguntzen die mahastiei eta mahastizaleei".
Jasotako mahatsak ondo heldu direnez, tratamendu gutxiago behar izan dute: hori dela eta, ekoiztutako txakolina "garbiagoa eta osasungarriagoa" dela baieztatu du Manterolak. Udan eguraldiak egin dien mesedea udazkenean ordaindu beharko zutela beldur ziren ekoizleak, baina ez da halakorik izan, eta pozik daude: "Halako uzta ona jasotzen denean, zaila izaten da txakolin txarra egitea".
Ekoizpenari dagokionez, iazko emaitzen antzerakoak lortu dituzte aurten ere. Guztira, 2.268.710 litro ekoiztu dituzte. Inskribatutako mahastizaleak 96 izan dira, eta upategiak, berriz, 27 (Aian 2, Arrasaten, Deban, Hondarribian, Mutrikun, Olaberrian eta Oñatin bana, Zarautzen 7, eta Getarian 12).
Ostegunean ospatuko dute Getarian (Gipuzkoa) San Anton eguna, eta bertako herriko plazan egingo dute txakolin uzta berriaren aurkezpena eta dastatzea. Getariako upategietako batek lehenengo aldiz parte hartu du txakolinaren ekoizpenean, eta ostegunean bertan aurkeztuko dute Elkano markaren pean. Egun horretan egingo dituzte, baita ere, 2013ko Mahasti Jaun izendapenak: Andoni eta Pedro Arregi anaiei eta Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiari emango diete.